"Merezitako" ospakizuna oparitu diote Ansoategiri
Ansoategi elkartearen 27. urteurrena ospatu dute. Goizean elkartearekin harremana izan duten guztiak omentzeko ekitaldia egin dute
Ansoategi elkarteak 27. urteurrena bete du. Ospakizuna duela bi urtetik zuten prest, baina itxaron egin behar izan dute. Behin hasita, gogotik egin dute, dena den, “behar dugulako, merezi dugulako”. Asteartean ekin zieten ekintzei eta gaur “elkartearen alde lan andana egin duen bazkide, lagun, kide eta pertsona konprometitu guztiak” omentzeko ekitaldia egin dute. Beraiek gabe Ansoategi ez zela izango azpimarratu dute. “Lazkaotar konprometitu batzuk lehen pausoa eman ez balute, auzolanean, euren ekarpen ekonomikoa eginez, modu ezberdinetan lagunduz. Mila esker guzti horiei! Ordutik hona bidean geratu zaizkigu borroka eta lan ugari egin dute kide eta lagunak. Ez ditugu ahaztuta. Beraiei esaten diegu, zaudeten tokian zaudetela, agur eta ohore!”
“Askatasun grinak” bultzatuta elkartu zirela oroitu dute, “eta hasiera batean zeuden helburu berdinekin jarraitzen dugu gaur egun”. Tartean, “garai gogorrak” bizi izan dituztela aitortu dute. Torturak, enbarguak, txikizioak… zerrendatu dituzte. Eta egungoak ere ez direla garai errazak esan dute. “Enbarguaren mehatxupean gaude. Edozein egunetan etor litezke eta hau guztia itxiarazi”.
“Guztiaren gainetik aurrera jarraitzen dugu”, nabarmendu dute. “Asko eman digu orain arte Ansoategik eta asko dauka emateko oraindik. katea ez da eten eta aurrera jarraituko dugu”. “Ziur gaude atzetik zatoztenon ere bide horretan urratzen jarraituko duzuela”, iragarri dute.
Ekitaldia Izarren hautsa abestuz amaitu dute. Bertsoak eta musika ere izan dira. Ondoren, denek elkarrekin bazkaldu dute. 150 bat lagun batu dira denera.