Lehiaketa, lagun artean
Herriarteko pilota txapelketan, Olaberria 0-2 aurreratu zaio Ordiziari. Gazteei eman diete txanda, klub berekoen arteko kanporaketan. Eskuz, Zaldibia kanporatua eta Ataun aurrerako.
Bi herriren arteko kanporaketa bai, baina batez ere lagunen arteko pilota jaialdia izan zen, larunbatean, Ordiziako Beti-Alain. Herriarteko txapelketako palako final-laurdenetan, aurrez aurre egokitu dira Ordizia eta Olaberria. Joanekoan 0-2 aurreratu da Olaberria.
Lagun arteko konplizitatea estutzeaz gain —denak dira Oiangu Pilota Elkarteko kideak—, ernemuin gazteei aukera emateko ere baliatu dute hitzordua. Ordiziak, bi pilotari gazte atera zituen, paleta larruz: Aitor Gonzalez eta Aratz Elortza. Olaberriko Gari Arrieta-Imanol Olaranek 18-35 irabazi zieten.
Hala eta guztiz, ordiziarrek gazteen maila eta pilotalekuko giroa goraipatu dituzte. «Azken urteetako apalaldiaren ondoren, badirudi lore berririk izango dugula Ordizian», ospatu dute.
Bigarren neurketan, pala motzean, sendo hasi ziren etxekoak, kanporaketa berdintzeko asmoz. 14-12 aurretik izan ziren Aitor Otegi eta Zuhaitz Letamendia. Baina Xabier Berasategi-Josema Garrido olaberritarrek 0-14ko partzial batekin irauli zuten. Azkenean, 26-40 Olaberria garaile; bidea oso eroso utzi du.
Beste debut bat etzi
Fruitu berriak lehengoan Ordiziak aurkeztu bazituen, itzuliko jardunaldirako Olaberriaren aldetik debutatuko du beste gazte batek. Xabier Naldaizek lehenbiziko aldiz jokatuko du Herriartekoan. 19 urterekin, eta hasi berria den arren, «izugarrizko gaia» daukala aitortu dute pilota taldekoek. Arrietarekin ariko da.
Olaberrian, larunbatean 11:00etan jokatuko da jaialdia.
Eskuan, Ataun sendo
Esku huska, Zaldibia Herriartekotik kanporatu du Oiartzunek. Madalensoron 2-1 galdu zuten zaldibiarrek (2-4 orokorrean). Nagusiek soilik lortu zuten irabaztea han ere (14-22); kadeteek (22-1) eta jubenilek (22-5), galdu.
Final-laurdenetara sendo igaro dena Ataun da, Amasa-Villabona 6-0 kanporatuta. Auzoetan, itzulikoan, 22-1, 22-16 eta 22-2 atera zituen hiru partidak. Azpeitia izango du orain aurkari; bihar, Auzoetan, 19:00etan.