Laugarren zubia Lazkaon
San Migel elizaren eta San Prudentzio eskolaren artean oinezko zubia eraikitzen ekainean hasiko da udala. 27 metro luzeko argia eta 3,2 metroko zabalera izango du. 300.000 euroko kostua du
Ekain honetan hasiko dira Lazkaon San Migel parrokiaren eta San Prudentzio eskolaren artean oinezkoentzat zubi berria eraikitzeko lanak. Aspaldian asko hazi den Hiribarren-Iturgaitza aldearen eta plazaren arteko lotura errazteko eta laburtzeko proiektatu du udalak azpiegitura.
Alde batetik bestera, 27,02 metroko luzera edukiko du zubi-pasabideak, eta 3,2 metro zabal izango da. Ebaketa-altzairuzko piezekin osatuko dute, eta harrizko zorua jarriko diote. Led argien bi ilararekin argituko dute. Eraikitzeko, bost hilabeteko epea eta 296.000 euroko (BEZa aparte) inbertsioa eskatuko du.
Lazkaoko kale eremuan publikoarentzat irekitako laugarren zubia izango da. Udaletxe albokoa XXI. mende hasieran eta San Inaziokoa 2017an zabaldu zituzten, azken horretan bidegorria ere kokatuz. Uhaitz kalea eta Aresoko jolas parkea lotzekoa oinezkoentzat soilik da.
Etorkizuneko pasealekura
Dauden hiru zubiez eta aurten eraikiko duten eliza parekoaz gain, badira Agauntza errekaren gainean beste bi zubitxo, beherago: Infantaduko jauregikoa eta Beneditar fraideen komentukoa.
Hain zuzen, «etorkizun hurbil batean» San Migel elizatik beherantz, aipatutako jauregiaren eta komentuaren lurretatik, pasealeku bat ireki nahi du udalak, Agauntzaren eskuin ertzean behera. Gaur egun pribatua den jauregiko zubitxoa baliatuz, errekaren inguruan itzuli osoa prestatzea da asmoa. «Bi ertzen arteko pasealeku bat itxiko da, gaur egun ezkerraldetik bakarrik egin daitekeena. Helburua bi ertzak komunikatzea da, ibaia herritarrengana hurbildu eta ibaia elementu osagarri duen herria sortzeko, eta ez oztopo arkitektoniko bat», adierazi du udalak.
Oinezko zubi berriaren eraikuntza Diez y Compañia SA enpresak egingo du.













