Zumarragako azokako ordenantza berrituko dute
Zumarragako azoka herriko sinboloetako bat da eta udala berritzeko eta indartzeko lan egiten ari da. Euskadi plaza berritzen ari dira, saltzaileek beraien negozioa modernizatzeko egitasmo pilotu batean parte hartu dute eta ostiralean azokako ordenantza berritzeko proiektua aurkeztu zen. Ordenantza herritarren parte hartzearekin berrituko da. Azokaren kudeaketa eta funtzionamendua arautuko da: postuen kokapena, sarrerak eta irteerak…
Egitasmoaren aurkezpenean Mikel Serrano alkateak eta Ikertalde enpresako Mikel Agirrek parte hartu zuten. Enpresa hau arduratuko da parte hartze prozesua gidatzeaz.
Serranok Zumarragako Azoka gobernu planaren egitasmo estrategikoetako bat dela esan zuen. «Azokaren ordenantza berritzea erabat beharrezkoa da azoka eguneratzeko eta modernizatzeko. Azoka askok ez dute eguneratutako ordenantzarik eta hori arazo bat da. Hori dela eta, beste 16 udalerrirekin batera, Gipuzkoako Azoken Sarea egitasmoan parte hartzen ari gara. Proiektu honetan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, landa garapen elkarteek eta Eliak fundazioak ere parte hartzen dute.
Zumarragan abian jarri den parte hartze prozesuari dagokionez, helburua herritarrek ordenantza berriaren diseinuan parte hartzea da. Lehen fasean egoera aztertu dute eta bigarren fasean ordenantza berriaren zirriborroa egiten ari dira. Aurki bizilagunen iritzia jasotzeari ekingo diote. Horretarako, zumarragakoazoka.eus webgunean galdetegi bat jarriko dute eta bi postontzi jarriko dira (horietako bat Zelai Arizti kultur etxean egongo da). Bilerak ere antolatuko dira. Ordenantza azarorako prest egotea espero dute.