Haurrentzako ekitaldiak, antzerkia, bertsoa eta ikus-entzunezkoa dira aste honetarako Uztakalek proposatutakoak
Uztaileko kultur programazioaren lehen asteari amaiera emateko, Sustraiak dantza taldeak jaialdi ibiltaria egin zuen ostiralean, eta gero Ikatzako hileko lehen ikus-entzunezkoa proiektatu zuten Azokan.
Uztakale kaleko kultur egitarauak bigarren asteari heldu dio gaur, eta haurrentzako ekitaldiak, antzerkia, bertsoa eta ikus-entzunezkoa dira gaurtik ostiralera bitarteko proposamenak. Lehen astea Sustraiak dantza taldearekin jaialdi ibiltariarekin eta Ikatzak hilean zehar eskainiko duen ikus-entzunezko sortako lehen saioarekin amaitu zen, ostiralean.
Txikientzako jolas parkearekin eta hondarrezko eskulturen tailerrarekin hasiko da bigarren astea, gaur. 17:00etatik 20:00ak bitartean, ludotekan, puzgarriekin, jolas interaktiboekin, bola eroekin, giza-futbolinean eta oztopo anitzeko pistan jolasteko aukera izango dute haurrek, eta hondarrezko eskulturak nola egin ikasteko tailerra ere izango dute. Jolas parkea Euskal Herria plazan jarriko dute, eta eguraldi txarra eginez gero, Azokan.
Biharko, Legazpiko Erraldoien Konpartsaren kalejira iragarri dute. Buruhandiekin batera aterako dira kalera erdigunean, Doinua musika eskolako dultzainero taldea ondoan dutela. Asteazkenean, Trapu Zaharra taldeak Mesede bat egitearren ikuskizuna eskainiko du 19:00etan Laubiden, eta ostegunean Ez da kasualitatea bertso musikatu saioa izango da, 19:00etan, Agirre-etxeberrin, Uxue Fernandez, Miren Artetxe, Jone Uria eta Maider Arregirekin. Astea amaitzeko, ostiralean 22:30ean Ikatzaren ikus-entzunezkoa izango da, Azokan.