Dendak kalera aterako ditu IIintik etzi, Lintxoren laguntzarekin
Kale Nagusian eta Patrizio Etxeberrian egingo dute feria. 18 dendak eta zerbitzuk parte hartuko dute. Musika, magia, xakea eta jatekoa eta edatekoa ere izango dira Tere Madinabeitia
Lintxo maskota berria inguruan dutela, Legazpiko merkatariek kalera aterako dituzte salgaiak eta eskaintzen dituzten zerbitzuak ostegunean, uztailak 7, Dendak Kalera ekimenaren edizio berrian. Beste urte batez, Kale Nagusia eta Patrizio Etxeberria kalea herriko komertzioaren erakusleiho erraldoi bihurtuko dira 10:00etatik 20:00era bitartean.
Aurtengo Dendak Kalera ekimenean 18 komertziok hartuko dute parte. Arropa, oinetako, elikagai, optika, lore, edergintza eta osasun arlotakoak dira, eta batzuek postua dendaren aurrean jarriko duten bitartean, beste batzuek Kale Nagusian jarriko dituzte. Ohiko salmentaz gain, merkatari batzuek erakustaldiak ere egingo dituzte, eta sektorearen arabera, beherapenak ere izango dituzte prezioetan.
Jai giroa eta jarduera asko
Dendak Kalera girotzeko, musika eta beste hainbat ekintza izango dira. Herriko trikitilariak eta dultzaineroak arduratuko dira kaleak girotzeaz, baina horrez gain, jatekoa eta edatekoa, haurrentzako ekintzak, magia ikuskizun bat, xake jokaldiak, eta zozketak ere izango dira.
Jatekoa, Saniko Kuadrillak jarriko du, sahararren aldeko elkartasun paella eginez. Egindako erosketa bakoitzeko, bale bat jasoko du erosleak paella errazio erdi bat eta fruta brotxeta bat hartzeko. Edatekoak ere elkartasun helburua izango du, eta Asier de la Iglesia saskibaloi jokalariak eta esklerosi anizkoitza duenak Mudita proiektua aurkeztuko du, eta artisau garagardoa izango du salgai bere ‘beer truck’ edo furgonetan.
Haurrek ere izango dute zer egin, Sorgintxulorekin 15:00etatik 16:30era. Jolas saioa egingo dute Kale Nagusian eta Patrizio Etxeberria kalean. Amaitzean, Eneko Gutierrez legazpiarrak magia ikuskizuna eskainiko du Kale Nagusian. Herriko beste gazte batek, Markel Vesgak, aldi bereko xake partidak jokatuko ditu nahi duten guztien aurka, 18:00etan hasita. Amaitzeko, 20:00etan Jose Manuel Paternainek eskusoinu emanaldia eskainiko du.
100 euroko baleen zozketa
Zozketak ere izango dira Dendak Kalera ferian. Goizean zehar, 14:00ak arte erosketaren bat egiten duenak, 100 euroko bi bonuren zozketarako txartelak jasoko ditu. Zozketa 14:00etan egingo dute, eta irabazleak bertan egon beharko du saria jasotzeko.