Legazpiko nerabeak udaz gozatzen ari dira
Nerabeentzako zerbitzuak hainbat ekintza proposatu dizkie gaztetxoei datozen egunetarako. Udako egitarau berezia ekainaren 22an hasi zen, eta uztailaren 21era arte luzatuko da.
Uda berezia da Nerabeentzako zerbitzuko erabiltzaileentzat, ekainaren 22tik uztailaren 21era arte jarduera ugaritan parte hartzeko aukera dutelako. Astero, hiru ekintza dituzte antolatuta, asteazkenetan, ostegunetan eta ostiraletan. Gehienak, Gazte-txokotik kanpo gauzatuko dira.
Uztailari hasiera emateko, Nerabeentzako Zerbitzuaren eguna izendatu zuten ostirala, eta Azokan postu bat jarri eta zerbitzua herritarrei ezagutzera emateko baliatu zuten. Bihar asteazkena da, eta egun osoko irteera dute prestatuta, Donostiako ihes gela batera, eta etzi, ekintza itxia deitu dutena egiteko izango da, hau da, nerabe talde zehatz bati zuzendutakoa, eta kalean zein gizarte sareetan gauzatzekoa. Ostiralean, eguraldiak laguntzen badu, Brinkolako errekara joango dira.
Hurrengo astean ere izango dute zer egin herriko gazteek: asteazkenean Urbil merkatalguneko Kosta Jump-era joango dira, eta ostiralean kamisetak tindatzeko Tie Dye tailerra izango dute Gazte-txokoan.
Udako egitarauari amaiera emateko, hilaren 20an eta 21ean margoketa lanak egingo dituzte lokalean, eta irailaren 1era arte agurtuko dute denboraldia.