Merkataritzako diru laguntza sortan bi arlo gehiago sartu dituzte Lazkaon
Lazkaoko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatzeko, 2022. urteari dagokion diru laguntza sorta aurkeztu du Lazkaoko Udalak. Aurreko urteetako jardueren eta ekimenen finantzazio laguntzaz gain, bi berri ditu aurtengo katalogoak.
Batetik, Ticketbai fakturazio sistema berrian aplikazioa euskaraz jartzeagatik 250 euroko laguntza eskatu ahalko dute negozioek; bestetik, digitalizazioa indartzeko, Goierriko Azoka plataforman parte hartzeagatik gastuaren %80koa (160 euro gehienera).
Eskatzeko epea abenduaren 31ra arte da. Urtarrilaren 1etik egindako berrikuntza, aldakuntza eta jarduerak sar daitezke.
Bost jarduera finantzatuak
Aipaturiko Ticketbai euskaraz eta Goierriko Azoka ekimenez gain, aurreko urteetako ildoan, beste hiru arlo hauek ere diruz lagunduko ditu udalak: negozio berria irekitzeagatik (500 euroko laguntza finkoa), lokala egokitzeagatik (justifikaturiko gastuen %20, 1.250 euroko gehienekoarekin), eta euskara errotulatzea (%80, 500 euroko muga).













