«G2Han parte hartutako bi aldietan gozatu egin dut gauez»
Azken unera arte EHM ultra trailean parte hartzekotan egon bazen ere, azkenean G2H egingo du ataundarrak, hirugarren aldiz. Gozatzea eta 2019an egindako denbora hobetzea du helburu. Gaua gustuko du.
Hirugarren aldia izango duzu G2Han. Zein duzu helburua?
Aurreko denbora hobetu nahiko nuke, eta noski, gozatu ere bai. Nire bigarren parte hartzean, 2019an, egin nuen denbora onena, 16 ordu eta 29 minutu. Aurten, hori hobetu nahiko nuke.
Distantzia ertaineko lasterketa birritan egin ostean, luzea egiteko asmorik ba al duzu?
Egia esaten badizut, Ehunmilak proban izena ematear egon naiz aurten. Beasaingo bi lagun irtetekoak dira, eta izen emate eguneko goizera arte, nahiko konbentzitu nengoen. Etxera joan nintzenean, ordea, kilometro bikoitzak direla pentsatu nuen eta G2Hn eman nuen izena. Noizbait egin nahiko nuke, lagunekin batera.
Nola joan da prestakuntza?
Sakrifizio asko dago atzetik. Ondo prestatu dut eta lasterketaz gozatzea besterik ez da geratzen. Ea ez dudan erorikorik, tripako minik edo antzekorik izaten.
Horrelakoak ekiditeko elikadurari arreta berezia jarri beharko zaio ezta?
Nik gehiegi ez diot jartzen. Lasterketa egunean, etxean egindako barrak eramaten ditut. Horrekiko daukat fedea.
Eguraldiak ere eragin handia izango du…
Bai, gauez kontuz ibili behar da. Aralar leku oso irekia da eta hozteko arrisku handia dago. Nik parte hartu dudan urteetan ez du bero handirik egin eta eskerrak. Aurten, Azpeitiko Domusa lasterketan hartu dut parte eta sekulako beroa egin zigun. Nik nahiago dut fresko egiten badu.
Nolakoak dira G2H bezalako proba baterako entrenamenduak?
Niri plangintza bat bidaltzen dit entrenatzaileak. Normalean, astean bi atseden egun izaten ditut, beste bi egun lasai, bat serieekin eta asteburuan entrenamendu luzeak. Azken bi hilabeteetan astero 13 ordu inguru egin ditut. Orain, lasterketako egunean gozatzeko gogoa daukat, eta gero, lagunekin egotekoa.
Boluntario bezala ere ibili zinen. Nola ikusten da lasterketa bi aldeetatik?
Boluntario gisa ere gozatu egiten nuen. Mendiko probak gustuko ditut eta laguntzen zein animatzen ondo pasatzen nuen. Parte hartzeak ere bere alde politak ditu. Esaterako, Lizarrustira heltzean herriko jendea egoten da eta momentu polita izaten da.
Korrikalarien artean baloratzen al da boluntarioen lana?
Nik uste dut baietz. Nik parte hartzen dudan lasterketa guztietan eskerrak ematen dizkiet. Lan hori gabe ez litzateke lasterketarik egongo.
Eta boluntariotik parte hartzaile izatera noiz pasa zinen?
Mendian betidanik ibili izan naiz, baina normalean oinez. Ama izan ostean, denbora gutxiago nuenez, korrika hasi nintzen. Jabetu nintzen lasterketa luzeak gustatzen zitzaizkidala, eta lagun batzuk animatuta, 2017an G2Hn izena eman nuen.
Zer du ezberdina G2Hk beste probekiko?
Luzera, eta batez ere, gaua. Jendeari gogorra iruditzen zaio gaua, baina nik parte hartutako bi aldietan gozatu egin dut gauez. Kopeta argia jantzita aurrean daramazun korrikalari ilara eta atzetik datorrena ikustea oso polita iruditzen zait. Txindokiko lepora iritsi eta aurrean zein atzean lasterkarien kopeta argiak ikusten diren unea dut gustuko.
Gogorrena zein egiten zaizu?
Azkeneko hamar kilometroak. 88 kilometro direla esaten dute, baina 90 inguru dira. Lehen aldiz parte hartu nuenean, sekulako desilusioa hartu nuen Mutiloara iristean. Erlojuak jartzen zuenagatik zortzi kilometro falta zitzaizkidan, baina antolatzaile batek hamar falta zirela esan zidan. Bi kilometroko aldea besterik ez da, eta aurretik 80 eginak nituen, baina hortik helmugara arte haserre joan nintzen.
Partaide askorentzat amaiera hori izaten da politena…
Bai, baina niri gogorrena egiten zait, nekeagatik izango da. Bestalde, jende askori ez zaio gustatzen Lizarrusti eta Etzegarate arteko bidea eta nik, ordea, oso gustura egiten dut. Agian Ataungo lurrak direlako izango da, baina gozatu egiten dut.
Berezia al da Ataundik igarotzea?
Gauez igarotzen da eta ez da asko ikusten, baina bai, berezia da. Lehen aldiz parte hartu nuenean, musika jarrita nindoan eta kanpotik etorritako bi lasterkarik harrituta galdetu zidaten ea kantatzen ari nintzen. Baietz esan nien, pozik nengoela nire herria igarotzen ari ginelako.
Entzungailuekin musika entzuten joaten al zara?
Bai, baina soilik belarri batean eramaten dut. Beti musika suabea, baina denbora bizkorrago igarotzen laguntzen dit. Irteeran jartzen duten musika jaitsita daukat. Azken egunetan hori entzuten aritu naiz eta irteerako momentuak etortzen zaizkit burura. Momentu hunkigarria izaten da.