Herriko gazteentzat lehen etxebizitza saila eraikiko dute Gabiriako Alkaintxikin
Sei bizitzako sustapena bultzatu du udalak. Urbanizazio lanak egin ondoren, herriko sei gaztek egingo dituzte. Sail berean beste lau etxe eraikitzeko aukera ere geratuko da, etorkizunerako
Gabiriako kaskoan sei etxebizitza eraikitzeko proiektua exekuzio fasean sartzera doa. Udalak bultzatu du proiektua, eta herriko sei gaztek izango dute partzela urbanizatuak erosteko aukera, ondoren, beraiek sei etxebizitza erantsi edo adosatu egin ditzaten. Alkaintxiki baserriaren aurreko zelaian kokatuko dira etxe horiek, orain daudenen segidan.
Lur sailen esleipenak eginda dauzka udalak. Lurrak erosi ondoren, birpartzelatzeko eta urbanizatzeko lanak berak gauzatuko ditu.
Urbanizazio lanak egiteko deialdia uztailaren 18an bukatuko da enpresentzat. Lanen oinarrizko aurrekontua 253.554,87 eurokoa da, BEZa barne, eta zortzi hilabeteko epea izango du lanak burutzeko esleipendunak.
Orain, ordea, urbanizatzearen lehen fasea egingo dute, azpiegiturak eta hoditeriak; eta behin etxeak eraikitakoan —18 hilabeteko epea daukate sailak eskuratu dituztenek eraikitzeko eta bizitzen jartzeko—, asfaltu lanak eta espaloiak.
Herriko gazteentzat
«Herritarrak herrian gelditzeko helburua izan du etxebizitzen proiektu honek, eta lortu da. Lur sailak eskuratzeko deialdiko baldintzetan ere horixe zehaztu zen», azaldu du Gabiriako alkate Oier Oiarbidek. Herrian erroldatuta egotea zen betebehar bat.
Sei gazte aurkeztu ziren partzelak erosteko deialdira, eta seiek lortu dute, udalbatzak martxoaren 1ean salmenta onartu ondoren. Bost gabiriarrak dira, bat gabiriar baten semea; mutilak dira denak. Lehenbiziko aldia da, aspaldiko urte askoan, halako sustapen bat herritarrentzat soilik antolatu dena.
Gaur egungo etxeen segidan eraikiko dituzte sei bizitza adosatuak, Gurutzeta aldeko kalean (Alkaintxikirantz begiratuta, eskuinera). Kalearen beste aldean, etorkizun hurbil batean beste lau etxe eraikitzeko modua ere badago, udalarena baita.
Epeei dagokienez, partzela urbanizatuen salmenta uztailaren bukaeran egitea da udalaren asmoa, eta urbanizazio esleipena abuztuan ematea.