Igartzako gasolindegia
Korrikalariek Igartzako Jauregian hartzen dituzte indarrak Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketei ekin aurretik, ‘Pasta Party’ edo Pasta Festan. Dozena bat lagunen artean 800 aho elikatzen dituzte. Ez da janik sobratzen.

Dolareako lapikoak borborka daude. Iban Mate jatetxeko sukaldaria makarroiak egin eta egin ari da. «Norentzako dira horrenbeste makarroi?», galdetu dio kazetariak. «Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak lasterketetan parte hartuko dute korrikalarientzat eta hauen laguntzaileentzat dira. 800 bat pertsona, gutxi gorabehera», erantzun dio. «Ez da horren lan zaila», gaineratu du. «Kantitateak biderkatu, eta kito». Emaztearen eta bi semeen laguntza ere badauka, dena den.
Makarroiez gain arroz txuria, pasta, ijito-besoa, entsaladilla errusiarra, patatak Errioxar erara… ere prestatu behar dituzte eta. «Janik ez da sobratzen. Ez dugu ezer botatzen», lasaitu du Joakin Dorronsoro Jimy-k kazetaria. «Azken edizioan 200 razioko paella egin genuen eta aitaren batean amaitu zen», oroitu da.
Dorronsoro Ehunmilak trilogiako 1.600 boluntariotako bat da. Pasta party edo Pasta festa delakoaren arduraduna da, zehazki. Dozena bat lagunen artean Itsasondo bezalako herri bati jaten ematen diote. Lehiakideek doan jaten dute eta gainerakoek, bost euroren truke.
Taldeetan banatuta egiten dute lan: Mate eta etxekoek jana prestatzen duten bitartean, beste talde batek mahaiak, platerak… Igartzako Jauregira eramaten dituzte; patioa jangela erraldoia bilakatuko dute; etzi, lasterketa aurretik, Mila Izagirre, Maribi Sarriegi eta Iñigo Aranguren, besteak beste, sarrera kontrolatu, zerbitzatu, mahaiak eta platerak garbitu… arituko dira. Gustura egiten duten lana dela nabarmendu du Arangurenek. «Korrikalariek asko eskertzen dute. Esaten digute beste inon ez dagoela halako pasta partyrik». «Urtetik urtera errepikatzen duen jende asko dago. Zerbait ondo egiten dugun seinale», gaineratu du Izagirrek. «Ontziteria ez da plastikozkoa, eta hori ere eskertzen dute. Eta Igartza luxu bat da. Denak harritzen dira lekuarekin, bereziki lehen aldia dutenek», osatu du Sarriegik.
Patioan giro «berezia» sortzen dela nabari du Arangurenek. «Korrikalariek bestea ez dute aurkari bezala ikusten. Asko gutxitan ikusten dira, lasterketetan bakarrik, eta hemen aukera dute lasai hitz egiteko. Giro polita sortzen da».
Probaren amaieran ere hala izaten da. Orduan Antzizar kiroldegian ematen diete jaten. «Bukatutakoan korrikalariek nahiago izaten dute zerbait beroa. Orduak daramatzate gauza hotzak jaten eta neka-neka eginda iristen dira. Zerbait astunagoa gustura hartzen dute. Errioxar erara egindako patatek sekulako arrakasta izaten dute, are gehiago eguraldi txarra egiten duenean. Bestela, entsaladilla», atera ditu kontuak sukaldariak.
«Lanak merezi du?», galdetu die kazetariak. Denek baietz diote. Korrikalarien berotasunaz gain Beasainentzako garrantzitsua dela azpimarratu dute, eta horregatik laguntzeko prest daudela. «Pandemiak eragindako etenaren ostean antolatzaileek berriz deitu zidatenean nagi pixka bat eman zidan. Baina urtetik urtera gutxi gorabehera berdin antolatzen garenez, azkar eta ondo hartu diogu neurria», aipatu du Dorronsorok. Itsu-itsuan fio da bere hurbilekoez, eta horiek ere kalerik egin gabe erantzun diote bere deiari. Pasta festaz urtero-urtero lan talde bera arduratzen da.
Esperientzia, alde
«Pasta Partyak ez dauka erreleboa bermatuta», ohartarazi du Dorronsorok. «Gazteak aritzen dira Ehunmiletan, baina mendian. Gazteek ez dute herrian eta ordu luzez lan egin nahi», azaldu du. Aranguren ere uste berekoa da. «Boluntario lana ez dago modan», esan du. Berak ondo daki zein zaila den boluntarioak topatzea, Loinatz txirrindulari elkarteko kidea delako eta eurak ere bila eta bila aritzen direlako lasterketetarako. Apurka bada ere, ari dira, dena den. Esaterako, Maribi Sarriegiren eskutik alaba ere hasi da laguntzen.
Materentzat «dirua ematea baino politagoa da denbora ematea». «Ehunmilak eta gu, gutxi gorabehera, aldi berean hasi ginen. Antolakuntzak laguntza eskatu zigunean hasiberriak ginen eta dirurik ez genuen. Baina lagundu nahi genuen, eta genuenarekin lagundu genien», oroitu du.
Esperientziari esker lanak erraztuz joan zaizkien bezala, hobetu ere egin dute. «Pasta party-a asko hobetu da. Gogoratzen naiz lehen urteetan ez zuela horrenbesteko arrakastaraik, eta esaten zigutela propaganda gehiago egin behar genuela, oso ondo zegoelako. Egin genuen, eta begira orain. Igartzako belardian karpa bat ere jartzen dugu, guztiei kabida egiteko», alderatu du Arangurenek. 13:00etatik 14:00etara bitartean izaten dute jende uholderik handiena. «Irteera orduak eragin handia dauka. Goierriko Bi Handiakeko korrikalariak beranduago etortzen dira, irten ere hala egiten dutelako», aipatu du Izagirrek.
Beste hobekuntza bat zaborren kudeaketa da. Urtetik urtera geroz eta hondakin gutxiago sortzeko lan egiten dute eta, sortzen dena, bereiztu egiten dute, birziklatzeko. Lan horretan mahaikideen laguntza eskertu dute, orokorrean txukun uzten dutelako Igartza.