Legazpin ere ospatu da San Fermin
Uztalai udaleku irekietako partaideek ohiko entzierroa egin dute, herriko erdigunea zapi eta gerriko gorriz beteta. Aurten 258 haur ari dira parte hartzen euskara eta aisia uztartzen dituen udal jarduera honetan.
Aspaldiko urteetako ohiturari jarraituz, aurten ere ospatu da San Fermin Legazpin. Uztailai udaleku irekietan parte hartzen ari diren haurrak kalera atera dira goizean gerriko eta zapi gorriak jantzita, eta entzierro txiki bat egin dute Euskal Herria plazatik Latxartegi parkera bitartean. Bi txandatan egin dute entzierroa, lehenean Lehen Hezkuntzakoek egin dute korrika zenen aurretik, eta bigarrenean, Haur Hezkuntzakoek. Giro ederra jarri dute kalean.
San Ferminetako entzierroa Uztalai udal jardueraren barruan haurrentzako programatu diren ekintzetako bat da. Aurten, uztailaren 4tik 22ra bitartean gauzatuko dira euskara eta aisialdia uztartzen dituzten udaleku irekiak, eta bertan 258 haur arituko dira. Udalak 24 begirale eta zuzendaria kontratatu ditu.
Kaleko jarduera
Uztalain parte hartzen ari diren 258 haurrak taldetan banatu dituzte adinaren arabera, eta ekintza gehienak kalean gauzatuko direnez, herriko gune desberdinak aukeratu dituzte elkargune gisa. Horrela, txikienak, Haur Hezkuntza 2, 3, 4 eta 5ekoak, Domingo Agirre eskolako Laubideko hexagonoan, Haztegi ikastolako Latxartegiko eskola aurrean, Latxartegi parkean, eta ikastolako jolastokian elkartzen dira. Lehen Hezkuntzako ikasleek, berriz, Azokan eta Euskal Herria plazan dute topagunea.
Denetariko ekintzak dituzte aurreikusita, eta urteroko igeriketa saioak, jolasak, parkeetara irteerak eta gyncanak ez dira faltako. Gaur, San Ferminetako entzierroaren eguna zen.