Haurrentzako ikuskizuna eta helduentzako ardo dastaketa, Alegiko Madalena jaiei amaiera emateko
Bi eguneko iraupena dute aurtengo jaiek, Itsasok, Gabiriak eta Ormaiztegik partekatzen duten Alegi auzoan. Atzoko auzo afarian 160tik gora lagun elkartu ziren, eta gaurko ardo dastaketa ere jendetsua izango da.
Atzo hasi eta gaur bukatu. Motzak, baina oso intentsoak dira aurten Madalena jaiak Alegi auzoan. Ezkio-Itsasoko, Gabiriako eta Ormaiztegiko udalen laguntzarekin, auzotar talde batek antolatu ditu. Atzo izan zen egun handia, eta auzo afarian 160tik gora lagun elkartu ziren, eta gero askok eta askok Joselu Anaiak taldeak eskainitako saioan dantza egin zuten.
Jaiek gaur izan dute jarraipena, arratsaldez. Auzoko pilotalekuaren babesean, haur ugari elkartu dira Txarko pailazoaren ikuskizuna jarraitzeko. Ondoren, ardo dastaketa izango da. Itsasoko Ostatukoek bost ardo ezberdinekin dastatzeko bost pintxo berezi prestatuko dituzte. Bi euroren truke bost ardo eta bost pintxo banatuko dituzte.













