Musika giroa izango da nagusi Ordizian iluntzean eta gauean
Santa Ana jaien hasiera ofizialaren bezperan, kontzertuak izango dira Haka tabernan eta txosnagunean. Akelarre egunaren ospakizunak ere musika eramango du kalera.
Oraindik ez dira Santa Anak hasi, baina gaur jai girorik ez da falta Ordiziako kaleetan. Bihar arte itxaron nahi ez dutenek, iluntzean eta gauean izango dute festa gogoa asetzeko aukera, Haka tabernan eta txosnagunean antolatu dituzten musika kontzertuei esker.
Haka tabernan, Anker metal taldeak joko du 21:00etan hasita, eta 23:00etan txosnaguneko kontzertuak hasiko dira: Azken Sustraiak, Letagin, Againts You eta Ithaka taldeek joko dute.
Akelarre eguna
Musika gehiago ere izango da kalean, gaur Akelarre Eguna ospatzen ari baita, Osine Talde Feministak eta Ordiziako Koordinadora Feministak antolatuta. Tximista sagardotegian hasi dute festa, bazkariarekin, eta arratsaldean izango du jarraipena 18:30etik aurrera egingo duten poteo zikliko eta musikatuarekin. Manifestazioa eta akelarrea ere egingo dituzte, 20:00ean, Zuhaiztian.
Santa Ana aldizkaria
Bestetik, Santa Ana aldizkariaren ale berri bat kaleratu du udalak, eta dagoeneko salgai dago, 7 euroan. Gaur goizean bi salmenta postu jarri dituzte kalean, baina Larratxan, D’elikatuzen, Goiagin eta Manso liburu dendan ere erosi daiteke. Santa Ana aldizkariak Ordiziako albisteak jasotzen ditu.















