Umore horiak gazte jendez bete du Oiangu
Kuadrillen arteko txapelketa da jokoan, Santa Ana jaien hasierako bezperan. 28 kuadrilla ari dira lehian, 310 gazte. Bazkaria ere badute, Iparra-Hegoa elkarteko kideek prestatutako paellak.
Garai batean telebistan ezagunak egin ziren txinatarren Umore horia izeneko programetako proba gogor bezain bitxiak gogora ekarri dituzte aurten ere Ordizian, Santa Ana jaien atarian. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza unibertsitate gradua ikasten ari diren ordiziar gazteek antolatuta, kuadrillen arteko umore horia txapelketa itzuli da Oianguko zelaietara, bi urteko etenaren ondoren.
Txapelketa honen aitzakian, egun osoko festa egingo dute Oiangu inguruan. Aurtengo edizioan 28 kuadrilla ari dira parte hartzen, 310-bat gazte, 16 eta 25 urte bitartekoak. Goizean egin dituzte proba batzuk, eta bazkal ondoren jarraipena izango dute. Zaku lasterketak, Furor, Pir-pon… era askotako probak gainditu behar dituzte kuadrillek. Txapelketa arratsaldean amaituko da, eta 18:00etan egingo dute sari-banaketa.
Paella, Iparra-Hegoarekin
Umore horia txapelketan parte hartzen ari diren gazteentzako bazkaria beteranoago batzuen esku utzi dute, Iparra-Hegoa elkarteko Ordiziako kideen eskuetan, hain zuzen. Eguraldi paregabea lagun, lau paella prestatu dituzte, horietako bat bejetarianoa eta beste hiruak, oilasko, txerri saiheski eta txorizoarekin egindakoak. 310etik gora lagunei jaten emateko, 52 kilo ‘tropiezo’ eta 35 kilo arroz erabili dituzte.













