Bisitarien kopuruak gora egin du
Uztailean eta abuztuan iaz baino %11,5 bisitari gehiago erregistratu dituzte Goierri beheko turismo bulegoek. Gaualdiak kontutan izanda 2.636.600 euroko sarrera izan da
Aurtengo udako oporraldia izan da, COVID neurri berezirik gabeko lehen urtea, 2020ko martxoan murrizketak ezarri zituztenetik. Jakina zen, opor gogoa zuela jendeak, eta zenbakiek gorantz egin zezaketela iragartzen zuten aurreikuspenek. Goitur-Goierriko Turismo Agentziak atzo aurkeztu zuen balantzearen arabera, iragarpenak bete egin dira. «2022ko udan —uztailean eta abuztuan— iaz baino turista eta bisitari gehiago pasa dira Goierri beheko turismo bulegoetatik», nabarmendu du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. Aurkeztutako kopuruen arabera, «13.392 pertsona pasa dira —6.997 pertsona uztailean eta 6.395 abuztuan—, iaz baino %11,5 gehiago». Ataungo, Beasaingo, Idiazabalgo, Lizarrustiko, Ordiziako, Ormaiztegiko, Segurako, Zegamako eta Zeraingo turismo bulegoetan jasotako datuak dira.
Alojamenduei dagokienez, «datuak onak» izan direla adierazi du Goiturreko zuzendariak. «Abuztuan zertxobait behera» egin du okupazioak «landetxe eta nekazalturismoetan», eta hotel eta pentsioen kasuan, «mantendu» egin da iazko okupazioa (%92 batez beste). Abuztuko azkeneko astean eman dira datu baxuenak, baina okupazio handieneko egunetan alojamenduak «%97ko okupaziora ere iritsi dira». Alojamendu handien eta txikien artean ez da alderik egon. Abuztuan «20.293 gaualdi» egin dituzte bisitariek Goierri beheko establezimenduetan. Kopuru ekonomikoetan, «1.623.400 euro» sortu ditu Goierri beheko industria turistikoak. Uztaila eta abuztuko gaualdiak gehituz, «2.636.600 euro», egun pasa etortzen direnek egiten duen gastua kontutan izan gabe. Barne produktu gordinari begira «ekarpen garrantzitsua» dela azpimarratu du Osinaldek.
Produktu turistikoei dagokionez Gaztaren ibilbidea-GR283 izan da izarretako bat, «inoizko bisitari gehien erakarri ditu».
Atzerritar gehiago
Pandemiak, ohitura aldaketa suposatu zuen oporraldian, derrigor. Goierri behean eragin zuen joera aldaketa bat; iazko udan, bisitarien kopuru maila positiboan mantendu zen, uste baino hobeak izan baitziren datuak zentzu horretan, aldaketa nabarmenena bisitariaren jatorrian egon zelarik; Euskal Herrikoak bertakoak izan ziren gehienak, eta Espainiar Estatuko bisitarien aurretik.
Aurtengo udan, lehen postua euskaldunek bete zuten uztailean turismo bulegoetan, eta abuztuan aldiz, Katalunia, Madril eta Valentziako bisitariek hartu dituzte lehen postuak. Osinaldek aletu dituen datuen arabera, Euskal Herritik etorritako bisitariek kopuruak behera egin du, aldiz, Euskal Herritik kanpo etorritakoenak gora egin du, eta horrek eragin zuzena izan du alojamenduetan.
Bisitarien jatorriarekin jarraituz, deigarria da mugez gaindiko turisten gorakada. Osinaldek zehaztu duenez, «Frantzia, Erresuma Batua, Alemania, Italia eta Estatu Batuetako turistak etorri zaizkigu batez ere». Nabarmendu du, «Frantziatik etorri direnen kopurua da deigarria, asko hazi delako». Guztira, 27 herrialde desberdinetako bisitariak etorri direla jaso dute. Atzerritarrak, %4a izan ziren iaz, eta %10a, aurten.
Elkarlanean segiko dute
Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo saileko zuzendaria Iker Goiriak ere parte hartu z aurkezpenean, eta «oso pozik» agertu da, Goierriko industria turistikoak sortu dituen «kopuruekin», eta ondorioztatu du «Goiturrek lan bikaina» egin duela, horregatik, Goierriko Turismo Agentziako lan taldea «zoriondu» du. «Goierrik bere erakargarritasuna mantendu du». Goierriko industria turistikoa sustatze aldera «elkarlanean segitzeko konpromisoa» berretsi du Goiriak.












