Azoka egun handiena
Ordiziako Euskal Jaietako aparteko azoka bihar egingo da, normaltasunera itzulita. Gazta txapelketan 50 gaztagile inguruk hartuko dute parte. Gaur, Goierriko odolkiaren lehiaketa dute
Urteko azoka egunik handiena egingo dute bihar Ordizian, Euskal Jaietakoa. Bi urtez normaltasunez ospatzeko aukerarik ez dute izan —Gazta txapelketa soilik, hori ere neurriak hartuz—, aurten bai ordea. Plaza Nagusia, Jose Migel Barandiaran plaza eta Garagartza plaza izango dira ferialeku nagusiak, eta ohi bezala, Beti-Alai pilotalekuan jokatuko da gazta txapelketa sonatua, 49.a. Frontoiko ateak herritar guztientzat zabalduko dituzte.
Joan den asteazkenean aurkeztu zuten Plaza Nagusian Euskal Jaietako aparteko azoka. Adur Ezenarro alkatea, Ordiziako Idiazabal Gazta kofradiako Jesus Mari Ormaetxea eta Joxi Iturriotz, Idiazabal Jatorri izendapeneko kudeatzaile Miriam Molina, Kutxako Garbiñe Garmendia eta Amarenak diseinu enpresako Oihane Pardo aritu ziren zeregin horretan. Azken horrek, baserritarren postuak atonduko dituen mahai-zapi berria sortzeko prozesuaren berri eman zuen agerraldian.
50 gazta inguru lehian
Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten 49. lehiaketa da eguneko arretagune nagusiena. 50 gazta inguru lehiatuko dira, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak. 13:30ak aldera jakinaraziko dute irabazlearen izena, eta segidan egingo da enkantea —9.400 euro ordaindu zituen iaz Zaragozako El Cisne hoteleko Javier Garciak Eneko Goiburu irabazlearen gazta erdiarengatik—.
Hiru dira Kutxaren urrezko garaikurra irabazteko aukera dutenak. Ipiñaburu gaztandegiko (Zeanuri, Bizkaia) Jon Etxebarria (2012,2015), Kortaria gaztandekiko (Lekaroz, Nafarroa) Julen Arburua (2018, 2019) eta Ondarre gaztandegiko (Segura, Gipuzkoa) Eneko Goiburu (2014, 2021).
Gaur, odolkien txanda
Biharkoaren aurretik, gaur, 18:00etan, Goierriko Odolki Bikainenaren 26. Dastaketa-Lehiaketa egingo dute Plaza Nagusian, Larrun-Arri elkarteak antolatuta. Goierriko sei odolkigilek parte hartu dute: Ordiziako Ezeiza eta Mujika, Beasaingo Nagore eta Olano, Zaldibiako Pili eta Ezkioko Jesus Mari Deba.
Iluntzean buruhandi eta erraldoiak ibiliko dira kalez kale, eta Zuhaiztian ardo eta sagardo postuak zabalduko dituzte.













