Gabirian bertsolaritzak nola jarraitu duen ikertu dute KMK Bekarekin
Kilometroak Bekaren 2021eko deialdian aukeratu zuten ikerketa-proiektuaren emaitza aurkeztu dute. Jarduna nola sustraitu, mantendu eta iraunarazi den aztertu dute
Kilometroak Bekaren 2021eko deialdian saritutako ikerketa-proiektuaren emaitza herenegun aurkeztu zuten hedabideen aurrean, Lazkaon. Gabiriako ikertzaile talde batek egin du, urtebetean, herri hartan zegoen bertso zaletasuna nola sustraitu, ekimen ugarietan gorpuztu eta gaurdaino bizi-bizirik iraun duten. Aurkezpen ekitaldia Gerriko soziedadean egin zuten, eta bertan izan ziren Kilometroak Kultur elkartearen lehendakari Nekane Artola, San Benito ikastolaren zuzendari eta Goierri beheko hiru ikastolen ordezkari Xabi Maiza, Gerriko kultur elkarteko Joxepa Madariaga, eta ikertzaile taldearen izenean Iñaki Murua gabiriarra.
2021eko Kilometroetan, iazko urrian pandemiak baldintzatuta egin zena, Goierriko hiru ikastolekin eta Gerriko kultur elkartearekin batera antolatu zuen Kilometroak kultur elkarteak ahozkotasunaren beka. Gabiriako bertsolaritza eta Gabirian bertsolaritza izan da ikergaia. «Ikastolok euskararen eta euskal kulturaren transmisioarekin dugun konpromisoaren adibidea da hau. Gure kulturak behar ditu ikerketa eta garapena. Herrian sortu dena landu, hausnartu, eztabaidatu, ikertu eta herriari itzultzea da gure asmoa, gure arbasoen ondarea jaso, garai berrietara egokitu, eta belaunaldi gazteei eskaini. Ikastolak, herriari», azaldu zuen Kilometroak elkarteko Nekane Artolak.
Xabi Maizak, bere aldetik, iazko Kilometro ezohikoen zailtasunetan ere ekimen hori garatu izanaren garrantzia nabarmendu zuen. «Gaur aurkeztuko diguten lan hau 2021eko Kilometroen inguruan antolatutako ekimenen artean kokatzen dugu. Gogoratu oso egoera berezian antolatu edo ospatu genuela pasa den urteko Kilometroak, denbora errekorrean gainera: martxoan hasi ginen lehenengo bilerak egiten, oso egoera berezian, herri batetik bestera joateko ere baimen bereziak behar genituen. Izan zen protokoloz inguratutako egoera batean antolatutako Kilometroak». Artolak elkarlanaren kontzeptua, beharra eta ondorioak baloratu zituen.
Testigantzak
Gabiriako ikertzaile taldearen izenean Iñaki Muruak aurkeztu zuen ikerlana. Berez, Maialen Akizuren eta Eresti Oiarbideren izenean esleitu zen, baina ama izan berri direnez, ezin izan zuten ekitaldian egon.
Ikerlanaren abiapuntua galderetan jarri dutela aurreratu zuen Muruak: «Zergatik da berezi Gabirian bertsolaritzaren eragina? Erantzuna geuk eman beharrean, guk egin duguna da ikusi zeinek daukan zer esatekorik. Gabiriarrei egin zaizkie elkarrizketak. Jende mordo bati egin zaizkie, eta material pilaketa oso interesgarria eskuratu da».
Beste herrien parean «bereziki sentsibilitate berezirik» gabeko herri batean bertsolaritzak gaur egun daukan indarra edukitzea nolatan iritsi den aztertzea izan da beste jakin nahi bat. Batetik, gerra osteko ospakizunetan eta ezteietan familiek izen handiko bertsolarien ondoan herriko bertsolariak eramatearen garrantzia aipatu zuen, haien zirto, ateraldi eta jarioa aberastearekin batera.
Bestetik, 1971n hasitako Osinalde Sariketaren balioa azpimarratu zuen Muruak, ikerketaren ondorioetatik. «Hori da ardatza eta bizkarrezurra Gabiriako bertsolaritza aztertzerako garaian. Zaletasunari eutsi egin zaio, Osinalde Sariak eman diolako halako izen eta izan bat, gorputza eta bizkarrezurra, orain den horri. Gazte-gaztetatik jendea prest eduki dugu beti lanean esku bat botatzeko. Nik uste, azertu handia izan dela epaileak, gai jartzaileak, herrikoak bertakoak izaten ahalegintzea».
Bertsolaritzak herriari, berriz, «aukera» eman diola ondorioztatu dute. «Izaera bat eman dio, euskaraz gauzak egiteko erraztasuna barneratzeko aukera eskaintzen du bertsolaritzak Gabirian. Hori dena eman dio, eta herriak hori dena eman dio bertsolaritzari, aldi berean».
Ibilbide eta zeregin horretan, erreferente nagusiak Luzio Gabiria, Euxebio Igartzabal eta Iñaki Murua izan dira Gabirian. Bere burua erreferente baino gehiago, «itzulan» dabilenaren gisa garai batean idien aurretik bide-gidari aritzen zena ikusten du Muruak: «Kulturan ere itzulan ibiltzea da. Erreferente izatea ez da harrotasunetik edo besteak baino gehiago izan nahitik egin; ez, apaltasunetik, eta lehengoari eutsi berrituz; tradizioa moderno bihurtu, jaten eman eta eutsi. Horretan asmatu dela uste dut nik Gabirian».
Txikitik handira
Gerriko elkarteko Joxepa Madariagak aurreratu zuen ikerlana Xenpelar Dokumentazio Zentroaren esku utziko dela. Jasotako materialarekin argitalpen bat prestatzeko asmoa ere badarabilte ikerketa taldekoek.
Madariagak «herri txikien» ekarpena eta daukaten balioa erreparatzeko beharra aipatu zuen: «Herri txikiak askotan baztertu egiten ditugu, baina maiz herri handientzako erreferentzia, oinarri, abiapuntu eta eredu dira. Askotan ez diogu ematen horri daukan garrantzirik, eta badugu garaia errespetuz jokatzen hastekoa eta bere lekua ematen hastekoa. Beraz, bejondeizuela gabiriarroi. Eman diguzuen altxorra baloratu, errespetatu eta ikasgai izan dezagula guztiok, herri txikiek zein handiek».