Bigarren azoka ere egingo da
Bigarren eskuko lehenengo merkatua egin dute Ezkion. Harrera «ona» izan du herritarren artean; 21 postu izan dira. Udaberrian beste bat egitea aurreikusi dute
Etxean erabili gabe zeuden edo nahi ez ziren objektuak kalera atera eta salgai jarri zituzten igandean Ezkio-Itsasoko bigarren eskuko merkatuan parte hartu zutenek. Lehen aldia izan da horrelako azoka bat antolatzen dutela herrian. Iparraldean ohikoagoak diren bigarren eskuko azoketan inspiratuta proposatu zuen jarduera herriko guraso talde batek, eta udalaren laguntzarekin jarri zuten martxan. Erosleen zein saltzaileen aldetik izan duen harrera dela eta, jarraipena emango diote.
Agurtzane Zubillaga kultura eta aisia zinegotziak azaldu duenez, Ezkioko herritarrak ez ezik, Beasaingo, Zumarragako edota Gabiriako jendea ere inguratu zen azokara, erostera zein saltzera: «Harrera ona izan du. 21 postu izan ditugu, uste genuena baino gehiago». Denetarik jarri zuten salgai Etxeberrialde kalean, Topa ostatuaren inguruan: umeentzako jostailuak, idazteko makina, liburuak, gitarra bat, zapatak, arropa, ukenduak… Egia esan, eguraldi ezin aproposagoa egin zuen goiz pasa Ezkiora hurbiltzeko. Bertan egonda, erosketak egiteko baliatu zuten askok.
Urtean bitan
Azokaren helburua herritarrentzat elkartze leku berriak sortzea izan da eta, aldi berean, erabili gabeko objektuei bigarren aukera bat ematea. Igandeko giroaren ondoren, urtean bi aldiz antolatzeko asmoa agertu dute antolatzaileek: «Eguraldiaren arabera, baina martxo-apirila inguruan beste bat egin nahiko genuke», azaldu du Zubillagak. Iparraldeko bigarren eskuko merkatuetan oinarrituta izan zuen ideia herritar batek, eta eskolako guraso talde batekin elkarlanean udalean aurkeztu zuten proposamena.
Abuztuan hasi ziren dena prestatzen.«Haiek kartela eta antolaketa egin dute, eta udala mahaietaz, musikaz eta merkatu egunean behar diren baliabideetaz arduratu da. Laguntzeko prest agertu da udala». Ondo bidean, udaberria iristearekin batera bigarren eskuko beste merkatu bat antolatuko dute, Ezkioko bigarren eskuko bigarren merkatua, alegia.












