Minbiziaren tabuak aireratzen
'Tabuen kutxatik oholtzara' bertso saio musikatua egingo dute Ordiziako Herri Antzokian, bihar. Sarreren dirua Izan inurri elkarteari bideratuko diote, proiektuak garatzen jarraitzeko.
Pertsonak erdigunean jarri eta eritasunak, isilpean sufritu baino, barruan gordetako sentimendu eta pentsakizunak aireratzeko ariketa egitea, beharrezkoa bezain onuragarria da.
Hain zuzen ere, tabuen kutxa zabaldu eta barrukoa lau haizeetara aireratuko duen bertso saio musikatua izango da Ordizian. Minbizia duten pertsonek egingo dute gai jartzaile. Bizipenak, minak, beldurrak, doluak, azken agurrak eta bestelako kontuak proposatuko dituzte, eta bertsolariek -Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Maider Arregi eta Nerea Ibarzabal- kantatuko dituzte errimak, bi musikarik lagunduta. Izan Inurri minbizidun emakumeen elkarteak abian jarri duen proiektu solidarioa bat da Tabuen kutxatik oholtzara.
Julene Illarramendi Elexpuru da Izan Inurri elkartearen sortzailea, eta Ane Labaka bertsolariaren laguntzarekin jarri zuten martxan Ordiziara dakarten ekimena. «Elkarteari ekarpena egin nahi zion Labakak, eta ideia polita iruditu zitzaigun, minbizia eta bertsolaritza elkartzea», azaldu du Illamendik. Doka aretoan egin zuten lehenen emanaldia. Sarrerak «zazpi minutuan» agortu ziren, eta jende asko geratu zen aretoan sartu ezinik; «arrakasta handia» izan zuen.
Erantzuna ikusita, saio gehiago antolatu zituzten, eta ostiralean, Ordizian izango da, Herri Antzokian, 18:30ean. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 8 euroren truke, Barrenan, eta egunean bertan, leihatilan. Diru guztia Inurri elkartera bideratuko da proiektu berriak garatzeko.
Inurri lana
Izan Inurri elkartea sortzeko kemena amak eman zion. «Minbizia izan zuen amak, hark utzitako indar eta maitasuna baliatu nituen, gaixoarekiko eta laguntzaile zein familiarekiko somatu nuen babes faltak sortzen duen hutsune hori betetze aldera». Inurriak bezala, pauso txikiak emanez, baina lana egiteari utzi gabe, hasieran aurreikusten ez zuen dimentsioa hartu du proiektuak. «Emakume pila bat batu zaizkigu, norbere bizipenekin», gaineratu du.
Iñurriren foku nagusia da «emakumeen sare bat sortzea». Eskaintzen duten laguntza «bizipenetatik lortutako esperientziak eman digun jakinduriatik ematen dugu, ez gara profesionalak», nahi dutena da, «minbizia duten pertsonak bakarrik ez sentitzea». Elkartearen dinamiken artean daude Ordizian izango den bertso saio musikatua, baina egunerokoan, solasaldiak egiten dituzte.
Gainera, oso aktiboak dira sare sozialetan adibidez. Dibulgazio lana egiten ahalegintzen dira, plataforma desberdinen bidez. Podcast bat ere egingo dute laster; «13 kapitulu izango dira eta horietako bakoitzean, minbiziaren alor bat jorratuko dugu, minbizia duten edo izan duten pertsonekin eta adituekin». Eskoletan ere egiten dute dibulgazio lana. Eta bular bakarreko emakumeen 2023 urteko egutegia ere ia prest dute.