Zumarragako Udalak Soraluze kalea inauguratu du
Zumarragako Udalak Soraluze kalea oinezkoentzat egin du eta atzo inaugurazio ekitaldia ospatu zuen. Javier Hurtado Kontsumo, Turismo eta Merkataritza sailburuak, Mikel Serrano alkateak, alderdi ezberdinetako ordezkariek eta bizilagunek parte hartu zuten.
Alkateak Europar Batasunak hiriak oinezkoentzat berreskuratzea aholkatzen duela gogoratu zuen. «Orain arte, Soraluze ez da sekula oinezkoentzat izan», gogoratu zuen. Eraginkortasun energetikoa ere kontuan izan dela aipatu zuen. Aurrekontua 410.000 eurokoa izan da.
Obra hau plazaren berrikuntzarekin eta karga jasogailuarekin batera egin da. Egitasmoak Next Generation funtsen milioi bateko laguntza jaso du. Alkateak Euskadi plaza Santa Lutzi egunerako prest egongo dela aurreratu zuen. «Soraluze kalea oinezkoentzat egitea eta plaza berritzea feriaren mesederako izango dira».
Soraluze kalea XIX. mendearen erdialdean egin zen. «Zumarragak kale bakarra zuen: Eitzatik Kalebarrenera zihoana. Trenbidea egitearekin bat, herria zabaltzeko beharra sortu zen. Soraluze garai hartan egin zen kaleetako bat da».
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako gobernuari eta Europar Batasunari eskerrak eman zizkien.













