Elikadura ekologikoari buruzko tailerra eskainiko du Eneko Solanak igandean Mirandaolan
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan kokatzen da, eta Lenbur Fundazioak antolatu du. Doakoa da, baina izena eman behar da parte hartzeko.
Ondarearen Europako Jardunaldien barruan Lenbur Fundazioak antolatu dituen hiru tailerretatik bigarrena egingo dute igandean, hilaren 23an Mirandaolan Baserritik mahaira: elikadura ekologikoa izenburuarekin. 11:30ean hasiko da tailerra, eta doan izango da, baina aurrez izena eman behar da Mirandaolako turismo bulegoan edo 943 73 04 28 telefono zenbakira deituta.
Itsasoko Aristizabal baserriko Eneko Solanak gidatuko du saioa, tokian tokiko kontsumoan arreta jarrita, hau da, sasoiko eta hurbileko elikagaietan. Horretarako, baserrian ekoizten dituzten elikagai ekologikoen erakusketa egingo du Solanak, eta prentsa txiki batean sagar zukua egin eta dastatzeko aukera emango du.
Baserrietako natur ondareari dagokion garrantzia ematea da ikastaroaren helburua, horren inguruan haurrak hezteaz eta familiak kontzientziatzeaz gain.