Eneko Araiztegi izendatu dute irabazle Zaldibiako Zapi Janztean
Ostiral gaueko bertso-afarian, saio borobila osatu zuten lau bertsolarik. Entzuleek, botoz, segurarra izendatu zuten onentzat.
Eneko Araiztegi 'zapidun' berria, iazko irabazle Nerea Ibartzabalekin. /Zapiak Bat Elkartea Zaldibian ostiral gauean gozatu zuten Udazkeneko V. Zapi Janztea bertso saioarekin. Zubi-Buru elkartean izan ziren afaria, lehenengo, eta saioa ondoren. Lau bertsolari gonbidatu zituzten: Nerea Ibartzabal iazko irabazlea, Amets Artzallus, Onintza Enbeita eta Eneko Araiztegi Korta segurarra.
Elkartea lepo beteta zela eta “giro beroan” joan zen bertsolarien emana. Lehenbiziko aldiz jaien arrimora eraman dute bertso-afaria, eta kuadrillen egunaren bezpera girotu du.
Lau bertsolarien saioa entzun zuten afaldarrek eta elkartera sartu ziren entzuleek izendatu zuten onena, botoekin: Eneko Araiztegi. Iazko garaile Nerea Ibartzabalek lotu zion buruko zapia –saioaren bereizgarria eta izendatzailea–, eta datorren urteko ekitaldirako gonbidapena irabazi du segurarrak.

Eneko Araiztegi ‘zapidun’ berria, iazko irabazle Nerea Ibartzabalekin. /Zapiak Bat Elkartea

Algaraka, Araiztegiren ateraldi batekin./Zapiak Bat

Araiztegi, Artzallus, Ibartzabal eta Enbeita, ostiralean, Zaldibiako Zubi-Buru elkartean./Zapiak Bat

Eneko Araiztegi ‘Kort’a-k datorren urteko Zapi Janztean kantatzeko gonbidapena irabazi du./Zapiak Bat













