Mendi aste «anbiziotsua» antolatu dute Beasainen
Beasaingo Mendi Asteko egitaraua iragarri dute Arrastaka Mendi Taldeak eta Aizkorri Mendizale Elkarteak, Beasaingo Udalarekin batera. Gaur zortzi hasiko da mendizaletasunaren inguruko zikloa: lau ikus entzunezko eta bakoitzeko protagonista bat izango dira Usurbe Antzokian. Eskalada ikastaroa ere antolatu dute Antzizar kiroldegian.
Antolatzaileen arabera, “anbizio handiko” egitaraua da. “Ziur gaude bertaratzen direnek gustukoa izango dutela eta elkartzeko, motibatzeko eta mendiko kirolak sustatzeko balioko duela”. Horregatik, kirola gustuko duen oro gonbidatu dute.
Mendi Astea Adolfo Madinabeitiaren Patagonirtuta dokumentalak zabalduko du. Madinabeitia bera izango da Usurbe Antzokian. Lanak Madinabeitiak Patagoniak 2015 eta 2020 urteen bitartean egindako espedizioak biltzen ditu.
Biharamunean Oscar Cadiachek Hat trick kataluniarra: Annapurna, Dhaulagiri eta K2 lana aurkeztuko du. Kataluinarrak hiru hilabetetan munduko hiru tontorrik garaienetarikoak igo zitueneko abentura du ardatz.
Ostegunean, 27an, Aitor Iguiñitz txirrindulariaren txanda izango da. Mundua arnastu nahian dokumentala aurkeztuko du. Andoaindarrak munduari bira eman zion bizikletan eta bertako bizipenak jaso ditu ikus-entzunezkoan.
Hurrena, urriaren 28an, ostiralean, ikus-entzunezkoen zikloa ixteko Mendiak 1976 dokumentala eskainiko dute. Luis Arrieta ikus entzunezkoaren zuzendariak aurkeztuko du lana. 1976. urtean Shakhaur mendian gertatutako ezbeharra da funtsa. «Mendiarekiko pasioari eta maitasunari, gaztaroari, esplorazioari eta askatasunari buruzkoa da. Baina baita uneoro aldatzen ari den munduan mantentzen den memoria eta laguntasunari buruzkoa ere», dio Arrietak.
Amaitzeko, eskalada
Larunbatean, eskalatzeko ate irekien jardunaldia izango da, Antzizargo rokodromoan, 10:00etatik aurrera. Heldu zein gaztetxoei era honetako jardueretara gerturatu eta kirol honetan hasi nahi duen edonori zabaldutako jardunaldia da.













