Lehenengo fabrika haiek

Burdinolen aroa agortuta, burdinetik aparte hainbat sektore lantzen zituzten lantegiak jarri zituzten martxan Legazpin herriko ekintzaileek. Lenburrek erakusketa bat eskaini die lehen lantegi haiei, Fabrika museoan.

Euskal Herriko industrializazioari eskainitako museoa da Fabrika. Lenbur Fundazioak kudeatzen du, Legazpin dago kokatuta, eta Legazpin gertatutakotik abiatuta kontatzen du industrializazio garai horren hasiera, inguruko herri guztietan antzeko prozesua gertatu zelako.

Museo iraunkorra da Fabrika, baina aldi baterako erakusketak ere antolatzen ditu. Urrian zehar, herriko lehenengo lantegiei eskainitakoa dago ikusgai, Legazpiko lehen fabrikak izenburuarekin.

Lau gune desberdin

Lau gunetan banatu dute erakusketa, eta lehenengoan, bitrinetan, kronologia jaso dute. Bigarrenean, paretan eskegitako karteletan, herrian landu ziren sektoreak jaso dituzte. Hirugarren gunean, Legazpin egiten ziren produktuak edo objektuak jarri dituzte ikusgai. Eta laugarrenean, pertsonei eman diete protagonismoa, industria gizonei eta emakumeei alde batetik, eta langileei bestetik, gizonei zein emakumeei.

Legazpiko lehen fabrikak erakusketa hilaren amaierara arte egongo da ikusgai, asteburuetan: ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean: larunbatetan, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara bitartean; eta igandeetan, 11:30etik 13:30era artean.

Kontakizuna

Burdinolen krisialditik abiatzen da Legazpiko lehen fabrika haien kontakizuna, eta gaur egunera arte iritsi diren fabrikekin amaitzen da.

XVIII. mendean ingelesek burdina ekoizteko modua irauli zuten labe garaiak asmatuta, eta hemengo burdinolak, lehiatzerik ezin zutenez, ixten joan ziren. Legazpiko Bengolea izan zen, hain zuzen, Gipuzkoan itxi zen azkena.

Burdinolak desagertuta, atzerapausoa eman zuen ekonomiak nekazaritzara eta artisautzara itzulita. Baina pixkanaka egoera aldatzen hasi zen, hainbat ekintzaileri esker. Lurrarekin lotutako jarduerak landu zituzten lehenik, eta Legazpin, esaterako, buztinarekin egindako teilak, harria oinarri zuen zemen- tua, behien adarrekin egiten ziren orraziak edo trapu zaharretatik ateratzen zen papera ekoizten hasi ziren. Plastikoaren aurrekaria zen galalit materiala ere asmatu zuten, esnearen kaseinatik abiatuta.

Artisau eran ekoiztetik dimentsio handiagoan ekoiztera pasa zen garaia etorri zen gero, eta horretan Patrizio Etxeberria izan zen lehenetakoa, mekanizazioa sartuz. Baina burdinaren sektorean ekintzaile gehiago ere izan ziren garai hartan Legazpin: Bereziartu lantegia, COEL, San Migel fundizioa, Zorrotz…

Plastikoaren garrantzia

Burdinetik aparte, beste sektore batzuk ere landu ziren Legazpin, eta horien artean plastikoarena izan zen aipagarrienetako bat. Lantegi bat baino gehiago sortu ziren material horren inguruan herrian: Mel, Plasnor, Andraitz, Urola… Horietako batzuek oraindik lanean jarraitzen dute. Bestetik, Julian Arizmendik berebiziko garrantzia izan zuen plastikoaren sektorearen garapenean, eta erakusketan toki bat gorde diote horregatik.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa