Dantza Eguneko «balantze oso positiboa» egin dute Azpillakoek
46. Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketaz gain, bosgarren Dantza Eguna izan zuten segurarrek larunbatean. 2016an antolatu zen lehendabiziko aldiz, dantzari beste ikuspegi bat emateko eta herritarrek dantzan gozatzeko helburuarekin. Iaz eta 2020an bertan behera geratu bazen ere, aurten indarrarekin heldu diote festari berriz ere. Eguerdian polka erraldoia egin zuten ehun bat segurarrek plazan, Azpilla Dantza Taldekoek gidatuta. Azpillakoek adierazi dutenez, «hasieran jendeari pixka bat kosta zitzaion giroan sartzea, baina azkenean jende gehiago bildu eta oso ondo irten zen dantza». Aukeran Dantza Konpainiako dantzari batzuk ere animatu ziren, eta polka erraldoiaren ondoren fandangoa, arin-arina eta kalejira egin zituzten.
Errebote plazan egindako herri bazkarian 140 lagunek parte hartu zuten, eta bazkalostean dantza egunean lehen aldiz antolatu den flahsmob-a egin zuten Azpilla taldeko ikasleek. Musikarekin arazoak izan zituzten arren, «umeak oso gustura» aritu ziren dantzan.
Seigarrenari begira
Azpilla Dantza Elkartearen hitzetan, Dantza Eguneko «balantzea oso positiboa» izan da. Seigarrenari begira jarriak dira dagoeneko: «Hurrengo urtera begira ea zer edo zer berria asmatzen dugun».













