Ikasle Abertzaleek greba deitu dute ostegunerako hezkuntza ertainean
Gaurko krisi kapitalistaren testuinguruan kokatu dute deialdia. Estatuko erreformen eta EAEko hezkuntza legearen aurka daude. Hezkuntza sistema sozialista aldarrikatzen dute
Hezkuntza ofentsiba kapitalista gelditu lelopean mobilizazioak deitu ditu Ikasle Abertzaleak antolakundeak, urriaren 27rako. Hego Euskal Herri mailako mobilizazioak izango dira, hezkuntza ertainean, eta ikasleen greba izango da tresna nagusia.
Hezkuntza erreformen aurka eta Erkidegoko Hezkuntza Legearen kontra antolatzeko deia da, Goierriko IAko kide diren Manex Uranga legazpiarrak eta Oneka Aiestaran zaldibiarrak azaldu dutenez.
Deialdiaren arrazoiak
«Bizi dugun krisi testuinguruan» kokatu dute deialdia, gizarte osoa pairatzen ari den «egoera geroz eta kaskarragoak» hezkuntzan era baduelako isla, «krisi kapitalistak hezkuntza sisteman ere badu eragina», azpimarratu dute. «Lan baldintza txarrak, soldata baxuak, langabezia, lan partzialak edo praktika kontratuak, prezioen gorakada… familia askoren bizi baldintzak okertzen ari dira», eta Urangak eta Aiestaranek diotenez, «hezkuntzak etorkizuneko lan mundura irteteko prestatzen gaituenez, egoera honetarako prestatzen gaitu».
Zentzu horretan, hezkuntza eraldatzen ari dela diote, «ekoizpen eredu kapitalistaren beharretara moldatzeko», eta prozesu horretan, hezkuntza erreformek, Lomloe eta EAEko Hezkuntza Legeak besteak beste, funtzio garrantzitsua betetzen ari direla nabarmendu dute. Izan ere, erreforma horiek «ez dira hezkuntza gainbeheran dagoen testuinguru batean hezkuntza prozesua hobetzeko aplikatzen», baizik eta «gizarteko aldaketei egokitu eta etorkizuneko langile produktiboak heztera begira baizik».
Hezkuntzaren egoera erreala ezkutatzen ari direla ere salatu dute, erreformek «hezkuntzaren kalitatearen beherakada eta ikasketa baldintzen okertzea dakartzate». Alde horretatik, ikasleen familien gastuei erreparatuta, neurri baztertzaileak proposatzen dituztela diote, eta «filtro sozialerako» erabiliko direla salatzen dute: «Posizio sozioekonomikoaren arabera aukera batzuk edo besteak eskaintzen zaizkio ikasleari». Gainera, «nota onak ateratzeko gaitasuna duten horiek aukera gehiago edukitzen dituzte; kontrara, ikasketetan arazoak dituen sektorea lan eta bizi baldintza kaskarragoetara kondenatua da».
Horren guztiaren aurrean egin dute ikasleen mobilizaziorako deialdia.
Sistema sozialista
Mobilizazioekin, «bestelako hezkuntza eredu baten beharra dugula aldarrikatuko dugu, hezkuntza sistema sozialistaren beharra: kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala». Urangak eta Aiestaranek «arazo errealak» gaindituko dituen hezkuntza sistema nahi dutela esanez laburbildu dituzte eskariak.
Arazo erreal horien artean, edukia barneratzearen aurrean memorizatzeko gaitasunari ematen zaion lehentasuna, hezkuntza sistemak duen «izaera baztertzailea eta inposatzailea», eta ikasleriaren eta hezkuntza komunitatearen erabakimen gaitasun eza aipatu dituzte. «Gure ustez, hezkuntzak pertsonalitatean garapen askea bultzatu behar du, ikasle kritikoagoak sortuz eta ikasgelan gaitasun eta interes ezberdinak sortuz, hauek intelektualki, moralki, teknikoki prestatuz ongizate unibertsala erdigunean edukiko duen gizarte eredurako».
Horregatik da ezinbestekoa ikasle guztien atxikipena. «Denon artean antolatzea eta lan egitea dira hezkuntza sistema berri bat eraikitzeko eta erreforma hauei aurre egiteko giltza».
Mobilizazioak
Urriaren 27ko mobilizazioak ez dira ikasleen grebara mugatuko, eta manifestazioak daude deituta. Goierriko herrietatik autobusak egongo dira Donostiako Bulebarretik 11:30ean aterako den manifestaziora joateko.