Irizarrek Ingalaterran erakutsi du ieTram autobus elektriko berria
Irizar autobusgile kooperatibak Birminghameko Euro Bus Expo azokan erakutsi du lehenbiziko aldiz ie-Tram autobus elektriko berria, azaroaren 1etik 3ra. Londresko Go Ahead konpainiak eskatutako 20 autobusetako bat jarri dute erakuslekuan, mugikortasun iraunkorraren sektorean «abangoardian» dituen Irizar i6S Efficient berriarekin, eta Irizar i8 eta Irizar i4 banarekin batera.
Londres hegoaldeko 358. linea elektrifikatuko dute, eta Irizarren E-Mobility atalak hornituko ditu harako 20 ieTram autobus elektriko eta horiek kargatzeko instalazioak. Ingalaterrako hiriburuan karga ultraazkarreko lehen linea da.
Azokan, i6S Efficient ere nabarmendu du Irizarrek. 2023ko autobus iraunkorraren saria lortu du, autokarren sailean. Erresuma Batuan lehenengo aldiz erakutsi dute, udan erakusketa ibiltari bat antolatuta.
Era berean, 71 eserlekuko lehen Irizar i4 arina eta ispilurik gabeko lehen Irizar i8 modeloa ere aurkeztu ditu. Azken horrek 14 metroko luzera eta 50 eserleku ditu, eta Premier Leagueko garraio-ibilgailu izatea du xede.













