Udalak «kezka» agertu du Aitor Esnaola berriro kartzelaratzeko aginduagatik
Legorretako Udaleko osoko bilkurak mozio bat onartu du Aitor Esnaola Dorronsoro berriro kartzelan sartzeko aginduagatik, aho batez, EH Bilduren eta EAJren botoekin. Adierazpenean gogora ekarri du joan den maiatzetik herrian zela Esnaola, «legeak dioen bezala, birgizarteratze-prozesuan, legearen baldintza guztiak beteta eta legedia arrunta aplikatuz, inongo arazorik gabe, ez bere egunerokoan, ez Legorretako herriarenean». Erabakiagatik «kezka» agertu du udalak.
Esnaola maiatzetik zegoen hirugarren graduan, Martuteneko espetxeko tratamendu-batzarrak hala erabakita eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak onartuta. Audientzia Nazionaleko Fiskaltzak, baina, helegitea jarri zuen, eta hori onartzea erabaki du Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak. Bigarren graduan ezarri dute berriro, eta kartzelan sartu behar izan zuen herenegun.
Udalak gogorarazi du fiskaltza «behin eta berriro» ari dela presoen gradu-progresioen aurkako helegiteak jartzen, espetxeko organoek hartutako erabakien kontra eginez: «Kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak». Organo horien erabakiak aintzat hartzeko eskatu du udalak, «gradu-progresioak edota espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena».













