Sortuk hitzaldi bana egingo ditu Ataunen eta Lazkaon
Ataunen, azaroaren 9an, torturari buruzko 'Bi arnas' dokumentala eta hitzaldia izango dira. Lazkaon, 16an, Joseba Permachek krisiei buruz hitz egingo du.
Sortu alderdiak udazkeneko jardunaldien artean, bi hitzaldi antolatu ditu Ataunen eta Lazkaon, Independentziarako indarra ekimenean. Ataunen, bihar (asteazkena, azaroak 9), Bi arnas dokumentalaren emanaldia eta ondoren Kima Arzuagarekin solasaldia egingo dituzte. Ataungo Herri Antzokian da, 19:00etan hasita.
Torturaren egitatea jorratzen du lanak, batez ere bi protagonistaren ahotik eta esperientziatik: Maria Nieves Diaz ama, eta alaba torturatua Iratxe Sortzabal. Nekane Txapartegiren kasua ere azaltzen da, baita Francisco Etxeberria auzitegi-medikuaren eta Serge Portelli Versailleseko Dei Auzitegiko magistratu ohi, abokatu eta torturaren kontrako ekintzailearen testigantzak ere.
Lazkaon, bere aldetik, azaroaren 16an egingo du Sortuk hitzaldia, Joseba Permachekin. Krisia(k), eraldaketa eta burujabetza gaia landuko du, Lazkaoko Gerriko elkartean, 19:00etan.