Jubilazioaz eta erreleboaz kezkatuta, bi tailer antolatu dituzte merkatarientzat
Legazpiko Udalak, Merkataritza Bulegoak eta Ilintik antolatu ditu. Jubilazioaz eta negozio txikien transmisioaz hitz egingo dute. Ilintiren azken kanpainako saria, Jose Vicente Gonzalezentzat.
Legazpiko Udalak oso garrantzitsutzat jotzen du gaur egun herrian dauden dendak ez galtzea, eta dendarien jubilazioa eta erreleboa aurreikusi beharreko gaiak direla deritzo. Hori dela eta, Ilintirekin eta Merkataritza Bulegoarekin elkarlanean, bi tailer antolatu ditu, hain justu merkatarien jubilazioaren eta belaunaldi erreleboaren gaiak lantzeko.
Bi tailerrak dendariei eta autonomoei zuzenduta daude. Doakoak dira, eta izena eman behar da www.legazpi.eus webgunean. Kultur Etxean izango dira, 14:00etatik 16: 30era.
Hilaren 17an izango da lehena, eta jubilazioaz hitz egingo dute. Besteak beste, jubilazioa planifikatzen noiz hasi, jubilatzeko adina, kotizatu beharreko urteak, kobratuko diren pentsioak eta prestazio hori handitzeko zer egin behar den aztertuko dira.
Bigarren tailerra hilaren 24an izango da, negozio txikien transmisioei buruz.
500 euro Gonzalezentzat
Ilinti elkarteak bitartean, merkataritza sustatzeko jarduerarekin jarraitzen du, eta amaitutzat eman du azken kanpaina, Gure dendak atzo, gaur eta bihar izenekoa. Herriko garai bateko dendetako argazkien inguruan egindako galdetegiak izan dira kanpainaren ardatza, eta galderei erantzun zuzenak emandako bezeroen artean 500 euroko saria zozkatu dute. Jose Vicente Gonzalez izan da sariduna.
Partaidetza handia izan du kanpaina honek, eta Ilintik dioenez, «gure lehengo dendak oroitzeko balio izan du, hunkigarria izan da».