Luzapeneko azken jokaldi madarikatu hori
Loinatzen bildutako zaleak penaltien zain zeudenean sartu du gol erabakigarria Sportingek, eta Espainiako Errege Kopatik kanporatu du Beasain (2-3).
Luzapeneko azken minutuko azken jokaldian sartu du Gijongo Sportingek Espainiako Errege Kopan jarraitzea ahalbidetu dion gola. Bina berdinduta amaitu da partida, eta luzapena halaxe bukatuko zela zirudienean, 2-3koa sartu du Asturiasko taldeak, eta Beasain kanporatu du. Hotz geratu da Beasaingo Loinatz zelaia, hego haizeak epeldu duen iluntzean. “Aupa mutilak, bukaerara arte borrokan!”, hala goratu du Beasaingo Kirol Elkarteko zuzendaritzak jokalariek egin duten ahalegina.
Loinatz zelaia leporaino beteta zela jokatu da partida, 900dik gora ikusle bilduta. Kanpoaldeko zirrikituetatik begira ere jendea, baita inguruko etxeetako balkoietatik ere. Espainiako Bigarren mailako taldea da Sporting, eta balentria egingo zukeen Beasainek (2.B mailan) Gijongo taldea kanporatu izan balu. Baina ez da posible izan.
Markagailua iraultzea lortu
Beasainek honako hamaikakoa zelairatu du: Artetxe (1), Claver (7), Eizagirre (9), Aizpurua (10), Lorea (11), Pita (12), Zubillaga (18), Sanz (20), Pierruges (21), Sansinenea (22) eta Barandiaran (27). Eta aulkian honakoak: Gelbentzu, Balerdi, Etxeberria, Aranguren, Orbegozo, Salamanca, Nazabal, Guerreiro eta Esnaola. Entrenatzailea, Igor Gordobil.
Partida 18:00etan hasi da, eta 8. minutuan sartu du lehen gola Sportingo Djukak. Cristian Sanzek berdindu du partida 25. minutuan, eta hala iritsi dira atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta hamar minutura Markel Pitak Beasain aurreratu du (2-1), baina 74. minutuan berdinketaren gola egin du Christian Riverak.
Arauzko denbora bukatuta, luzapena jokatu behar izan dute. Lehen ordu laurdenean ez da golik izan, baina Sportingek maila bat gorago zergatik jokatzen duen erakutsi du, eta fisikoki egoera hobean iritsi da. Bigarren laurdenean ere ondo eutsi dio etxeko taldeak, eta penaltietara iritsiko zirela zirudienean, 2 eta 3koa lortu du Cristo Gonzalezek.