Kortxo kopurua asmatzeko erronka jarri die Ilintik legazpiarrei
Merkatari elkarteak 500 euroko saria emango dio bi dendatan banatutako kortxo kopurua asmatu edo gehien gerturatzen denari.
Legazpiko garai bateko merkataritza gogoratzeko argazki erakusketa eta lehiaketa amaituta, kanpaina berria jarri du martxan Ilinti elkarteak. Oraingoan, bi dendatan banatutako kortxoen kopurua asmatzeko erronka egin die legazpiarrei.
Kortxoak Arantzazu auzoko Nuñez mertzerian eta Kale Nagusiko Cristina arropa dendan daude, erakusleihotan, kristalezko ontzi banatan jasota. Ostiralera arteko epea dute legazpiarrek Ilintiko dendetan dauden txartelak bete eta apustua egiteko. Bi dendetako kortxoak hartu behar dira kontuan, eta zenbaki zuzenera gehien hurbiltzen denak 500 euroko saria irabaziko du.













