«Sexu erasoa izateko beldurraren atzean ideologia matxista dago»
Azaroaren 25a dela eta, Urola Garaiko Berdinasun Arloak Nerea Barjola gonbidatu du Legazpira izu sexualari buruz hitzaldia egiteko. Bihar izango da, 17:30ean, Kultur Etxean.
Alcasserreko auzia izango da zure hitzaldiaren abiapuntua.
Bai, hitzaldiak ere hala du izenburua: El caso Alcasser y la construcción del terror sexual (Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza). Krimen hirukoitz harekin izu sexuala hedatu zuten emakumeen artean, eta komunikabideek ezinbesteko papera jokatu zuten horretan.
Zer da izu sexuala?
Emakumeen gorputza eta bizitza kontrolatzeko eta sumisiorako mekanismo bat da. Hau da, beldurrak eta izu sexualak mezu doktrinatzailea zabaltzen dute, gizonen pribilegioak eta botere jarrera indartzen dituena. Emakumeen artean beldurra eta ikara eragiten dute, eta erasotua izan nahi ez badute, ekintzak eta desioak kontrolatzeko premia eragiten diete.
Uda honetako ziztadak izu sexualaren adibide al dira?
Bai, oinarrian bai. Ziztada eta sumisio kimikoa jasateko probabilitatea indarkeria eta izu sexualaren erabilerak dituen beste formatu bat da. Puntu honetan argitu behar da sumisio kimikoa ez dela berria. Gizon batek kopak hartzera gonbidatzen bazaitu zure gaitasunak gutxituz edo zure konfiantza bereganatuz, gero sexualki erasotzeko, hori ere sumisioa da, baina gizarte mailan onartuago dago.
Ziztaden kasuan, alarma soziala eragin da, eta bere funtzioa izu sexuala sortzea izan da. Izu sexualaren ondorioa beti izaten da emakumeen oinarrizko askatasunen murrizketa, eta horregatik, ziztadekin eragindako alarma oso kezkagarria da.
Alcasserreko auziaren ondoren emakumeentzat dena aldatu zen. Mutilentzat ere bai, ala?
Galdera horrek indarkeria matxista ukatzen du, eta indarkeria matxistak eta sexualak emakumeen ohiko praktiketan eragiten duena ikusezin bihurtzen du. Izu sexuala zabaltzea kultura patriarkal eta misogino batek kontrolatzeko eta menderatzeko duen tresna nagusietako bat da, eta horregatik ezin da gizon eta emakumeen arteko konparaziorik egin matxismoan erori gabe.
Desberdina al da izua emakumeen eta gizonen artean?
Horretaz hitz egiten dut, hain justu, Microfisica sexista del poder. El caso Alcasser y la construcción del terror sexual (Boterearen mikrofisika sexista. Alcasser auzia eta izu sexualaren eraikuntza) liburuan. Izu sexualak emakumeei abisua bidaltzen die gerta dakiekeenaren inguruan, eta horregatik leku eta jarduera batzuei uko egiten diete, beti daudelako autokontrol eta alerta egoeran. Gizonei, aldiz, emakumeen bizitza eta gorputzaren gainean dituzten pribilegioak indartzen diete. Adibidez, egia da Alcasserrekoaren ondoren gizonek ere utzi ziotela autostop egiteari, baina beraien emakumeak babesten ari zirelako, ez erasotu, sexualki torturatu edo erail egingo zituzten beldur zirelako, emakumeak bezala.
Gizonek badute zer pentsatu, beraz.
Bai. Erantzun diezaietela galdera hauei: Beldur zara gauean etxera bakarrik iltzultzeko? Bakarrik bueltatu behar zarela jakitean, nahiago duzu ez irtetea? Edaten duzuna neurtzen duzu, ala kontrola ez galtzeko adi zaude, eraso sexual baten beldur zarelako? Badaezpada zure kokapena bidaltzen al diezu lagunei eta senitartekoei non zauden jakin dezaten?… Gainera, babesaren kontzeptuaz ere hitz egin behar da. Gizonek ez dituzte emakumeak babesten. Emakumeak babesten ari direla uste badute ere, emakumeen gainean dituzten eskubideak eta pribilegioak ari dira babesten.
Komunikabideek paper garrantzitsua dute izu sexualaren zabalkundean.
Alcasserreko kasuan gaizki jokatu zuten, hiru nerabe sexualki torturatu eta erail ondoren hausnarketa kritikoa egin ordez, indarkeria sexuala banalizatu zutelako, torturen berri eman zutelako, neskak errudun bihurtu zituztelako… Eta ez zieten lekurik utzi diskurtso feministei. Mezuaren zabalkundearen arduradun izan ziren, eta izan daitezke.
Zer egin daiteke izu mezua geldiarazteko?
Izuari izena jarri behar zaio, kokatu egin behar da, marko bat eta ideologia bat eman behar zaio. Sexu eraso bat izateko beldurraren atzean ideologia matxista dago, eta babesa ematen dion sistema sozial bat. Indarkeria sexuala finkatzen duten albisteak sortuz ezingo da deuseztatu, teoria kritikoa erabiliz arazo bihurtuta baizik.