Ordiziako 41 dendek poltsa berrerabilgarriak banatuko dizkiete bezeroei
Hondakinak murrizteko kanpaina abiatuko du Ordiziako Udalak astelehenean. Elikagai eta goxoki dendetan izango da banaketa. Bankuak egiteko 170.00o tapoi jaso dituzte zazpi bilketa tokitan
Ordiziako Udalak Txikitik hasita, etorkizuneruntz kanpaina jarri du martxan, hondakinen murrizketa bultzatzeko. Ingurumenarekiko errespetua eta iraunkortasunaren kultura dinamizatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin, azaroaren 19tik 27ra egingo den Europako hondakinen murrizketa astearekin bat egin du udalak. Kanpainaren barruko ekintzetako bat poltsa berrerabilgarriak banatzea izango da. Ordiziako 41 elikadura eta goxoki denda txikitan banatuko dituzte.
Ia 2.000 poltsa jarriko dituzte astelehenetik aurrera bezeroen esku. Ordizia Ekintza Planeko 2030 agendaren barruko ekintza da, Ordizian merkatari elkarteak eta udalak elkarlanean egindakoa. «Erabilera bakarreko plastikoak murrizteaz gain, bertako saltoki txikien kontsumoa eta Ordiziako Km 0 produktua bultzatu nahi» dutela azaldu du udalak. Dendek bereizgarria izango dute erakusleihoan ekimenaren parte direla jakinarazteko.
Hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Mujika Frutadenda, Bodegas San Juan, Sustrai frutadenda, Goierri Nekazal Kooperatiba, Azurmendi Harategia, Sagastume arrandegia, Lasa harategia, Ortega frutadenda, Labealde, Egun On kafetegi-elikadura denda, Marina Okindegia, Bogdan Harategia, Axun Janaridenda, Martinez frutadenda, Goierriko Baratza baserriko produktuak, Elikaleku elikadura ekologikoa, Ugalde edariak, Siglo XX Harategia, Favorita Market, Oreka belar-denda, Hussain fruta-denda, Naparra Harategia, Eloghosa, Begué Redondo janari-denda, Zuberia fruta-denda, Koxka Gozo-denda, Nahikari Gozo-denda, Zeberio Harategia, Goen Arraindegia, J. Mugika Harategia, Unanue Gozotegia, Saifi fruta-denda, Pagosa Janaridenda, Ezeiza Harategia, Garin elikadura-denda, Errotaundi, Zabale belardenda, Joxe Harategia, Etxola Harategia, Kris Kras fruitu lehorrak eta Gariona Okindegia.
Hondakinen bilakaeraren Sasietako datuei erreparatu die udalak, eta ondorioztatu du 2015- 2021 tartean hondakinen sorrera handitu dela: «Horietatik %76 birziklatzen da. Aurten eta iazko datuei begiratuta, urtarriletik irailera, hondakinen sorrera ia berdin mantentzen da eta horietatik %78 inguru birziklatzen da». Udalak «helburutzat» jo du datu horiek hobetzea.
Bankuak tapoiekin
Poltsa berrerabilgarriez gain, beste bi ekimen antolatu dituzte datozen egunetarako. Batetik, ostiralean Potxin-Patxin pailazoek hondakinen murrizketaren eta birziklapenaren aldeko mezua helaraziko dute jolasen bidez, plazan, 17:45ean. Bestetik, tapoiak berrerabiliz kalean jartzeko bankuak eta koadernoak sortu dituzte. 7 bilketa puntu jarri zituen udalak tapoiak jasotzeko. 200 kilotik gora jaso dute, 170.000 tapoi, alegia. Ordiziako enpresa batera eraman eta 5 kaleko banku egin dira horiekin. Zuhaiztian martxoan kokatu zuten banku urdin bat, eta laster jakinaraziko dute beste biren kokapena. Moreak izango dira.













