Herriko musika talde nagusien kontzertu kuttuna bihar Urbeltzen
Azaroan Musika zikloaren ekitaldi garrantzitsuena izango da bihar Legazpin, Santa Zeziliako kontzertua. Azken bi urte berezien ondoren, ohiko formatura itzuliko da herriko musika talde nagusiek urtero bere zaindariari eskaintzen dioten kontzertua. Goiz Deia txistulari banda, Alaitasuna errondaila, Santikutz abesbatza eta Legazpi Musika Banda elkarrekin ariko dira emanaldi «kuttun» honetan.
Agertokia aldatu dute, eta Parrokian izan beharrean, Urbeltz pilotalekuan izango da jaialdia, 19:00etan hasita. Sarrerak Kultur Etxean jaso behar dira.
Ohi den bezala, kontzertua hasi aurretik kalejira egingo dute txistulariek erdigunetik. Ondoren, pilotalekuan, jaialdiari hasiera emateaz arduratuko dira, Iker Azpeitia zuzendari dutela. Eli Gordoak zuzenduko duen Alaitasuna errondailaren txanda izango da ondoren, eta Marian Lasaren Santikutz abesbatzarena gero. Legazpi Musika Banda izango da azkena, Jesus Castillejo buru duela.
Kontzertua amaitzeko, elkarrekin joko dute txistulariek eta bandak, eta Korosti eta Sustraiak taldeetako dantzariak izango dituzte lagun. Kolaboratzaile gehiago ere izango dira kontzertuan zehar, eta omenaldietarako tartea ere hartuko dute musika taldeek.
Igandean, ‘Elvis Gospel’
Kontzertu handiaren biharamunean beste emanaldi bat izango da Azaroan Musika zikloaren barruan. Goiko Gela taldeak Elvis Gospel kontzertua eskainiko du Latxartegi aretoan, 12:30ean.
Karlos Etxaniz, Jon Imanol Etxabe, Olatz Otxoa eta Santi Romanok osatzen dute Goiko Gela taldea. Elvis Gospel lanean, Elvis Presleyren gospel abestirik ospetsuenak joko dituzte.
Sarrera doakoa da, eta aretoko ateak 12:00etan irekiko dituzte.













