Bortxaketa salatu du neska batek Ormaiztegin
Emakume batek bortxatu izanaren salaketa aurkeztu du, Ormaiztegiko festetan. San Andres jaien lehenengo asteburua zapuztu du gertakariak. Larunbatetik iganderako gauerdian, drogatu egin zutela eta ondoren bortxaketa jasan izanaren berri eman du. Ertzaintzan salaketa ipini du, eta ospitalean osasun azterketa egin diote.
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak igandean jaso zuen erasoaren berri. Atzo iluntzerako gaitzespen elkarretaratzea deitu zuten, eta jendetza elkartu zen Ormaiztegiko plazan, 19:30ean, erasoa mespretxatzeko.
Erasotzailea ez dute identifikatu oraindik, nahiz eta biktimak deskribapen bat eman ahal izan duen. Ez zuen ezagutzen. Neskari drogaren bat eman zioten susmoa dago, koszientzia murriztu ziona.
Eraso gehiago ere bai
Itaiak salatu duenez, kasu hori larriena bai, baina ez zen eraso bakarra izan Ormaiztegin larunbat gauean. Neska gaztetxoei «hainbat eraso» egin dizkietela gaitzetsi du. «Egoeraren urgentzia» bistarazi dute, horrelakoak «normalizatzen» ari direla eta.












