Tobera Musika Eskolak Santa Zezilia eguna eta Euskaraldia uztartu ditu
Tobera Musika Eskolak Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko du bihar. Botikaxahar kulturgunean izango da kontzertua, 18:30ean. Izadi Argaizek eta Ibai Izagirrek aurkeztuko dute saioa.
Joko dituzten piezak zehazterako garaian hizkuntza izan dute irizpideetako bat. Tobera Ariguneetako bat izaki, Euskaraldiari keinu bat egin eta piezen %70 euskal errepertoriokoak izango dira. Hemen joko dituzten piezak: Andre Madalen (fandangoa), Santimamiña eta neska zaharrak (kalejira eta arin-arina), Beti eskamak kentzen (herri-kalejira), Blackbird (The Beatles), The Munsters Theme (Jack Marshall), Txoria txori (Mikel Laboa), Ametsetan (ETS), Greensleeves (Erresuma Batuko herri-doinua), Paristik natorren (Txirri, Mirri eta Txiribiton), Maiteak galde egin zautan (Imanol Larzabal), Sarri sarri (Kortatu), Ainhoa Enatarriagak moldatuta, El artista (Scott Joplin), Summer love (Martha Mier), Udazken koloretan (Benito Lertxundi), Ainhoa Enatarriagak moldatuta, Behin batian Loiolan (John Denverren jatorrizkoa, Egan-ek moldatuta) eta Uso txuria (herri-abestia).
Kontzertuaren aurretik, 18:20ean, trikitilarien kalejira irtengo da Segurako plazatik. Halaber, doako autobus-zerbitzua egongo da ikasleentzat, Zegama eta Segura artean. Irteerak 16:45ean eta 17:45ean izango dira, Zegamako Eroski paretik, eta itzulera 20:40ean Segurako plazatik.
Lazkaon ere, keinua
Lazkaon ere Santa Zezilia eguna eta Euskaraldia uztartu dituzte. Hainbat musika emanaldi txertatu dituzte Euskaraldiaren aitzakian prestatutako egitarauan: esaterako, Suthai batukadaren joaldia antolatu dute biharko herriko kaleetan zehar. 18:30ean hasiko dira perkusioak astintzen.
Gaur zortzi Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Oin-Arin dantza taldeak Euskaraldiko kontzertua eskainiko dute.













