Bi ziklista ganberro Youtuben
Gorka Gomezek eta Mikel Bravok bideoz grabatzen dituzte mendi bizikletarekin egiten dituzten txangoak, gero Youtubeko Biziklistak kanalera igotzeko. Geroz eta jarraitzaile gehiago dituzte.
Gorka Gomez eta Mikel Bravo mendiko bizikleta maite duten bi legazpiar dira, eta asteburuetan egiten dituzten irtee- rak bideoz grabatzen dituzte. Bideoak editatu egiten dituzte gero, tonu ganberroa erabilita, eta Biziklistak Youtube kanalera igotzen dituzte, hogei orain arte. Biziklistek geroz eta jarraitzale gehiago dituzte eta geroz eta ezagunagoak dira.
Biziklistak izen berezia da. Gomezek azaldu duenez, «Interneten ikusten genuen askok ziklista esan beharrean, biziklista esaten zutela, eta hitz hori ez da existitzen, gaizki esana dago, eta horri egin nahi genion erreferentzia. Euskarazko hitzen jokua ere hor dago, bi ziklista».
Biziklistak izenarekin Youtubeko kanala eta Instagram kontua dute, baita Wikiloc-en ere. Batean editatutako bideoak dituzte igota, bestean argazkiak eta bat-bateko bideoak argitaratzen dituzte, eta Wikiloc-etik, egiten dituzten ibilaldien track-ak ikusi eta deskargatu daitezke. Bizikleta txangoetan bizitzen dituzten abenturak ez dira falta hiruretan.
Ikus-entzunezkoak
Bi txirrindulariek lotura estua dute ikus-entzunezkoen munduarekin. Gomez argazkilari afizionatua da, eta Bravok profesionalki egiten du lan arlo horretan, MklEstudioan, eta gainera, biak Ikatza argazkilari elkarteko kideak dira. Ezagutza horiek baliatuta hasi ziren bideoak egiten. «Pandemia ondoren bizikletan elkarrekin ibiltzen hasi ginen», gogoratu du Bravok. Ordura arte Gomez mendian ibili gabea zen, eta Bravok lau urte zeramatzan mendiko bizikleta hartu gabe.
Lehenengo bideoak «guretako bakarrik grabatzen genituen, egindakoa gogoratzeko, beti gertatzen zaigulako zerbait», dio Gomezek, «eta grabatuta baldin badago, barre batzuk egiten ditugu abentura horien kontura».
Jasotako pasarte batzuk barregarriak dira, baina beste batzuk nahiko larriak ere bai, «Nerbioi ibaiaren iturburuan bizi izan genuena, adibidez», zehaztu du Bravok. Orduan, Errikarte Agirre Ikatzako kidearekin joan ziren, Wikilok aplikaziotik ibilbide bat aukeratuta. «Neguan joan ginen, eta uste dugu ibilbidea proposatu zuenak udan egin zuela, guk lokatz handia aurkitu genuelako. Total, eguerdian amaitu behar genuena, iluntzear zegoela amaitu genuen».
Nerbioiko txangokoak bezalako pasarte gehiago ere jasota daude, «eta denak gertatu bezala dira, naturalak, ez dugu antzerkirik egiten». Horrela, erorketak, bestelako istripuak, bidea aurkitu ezin izana… ikus daitezke, une bakoitzean izandako erreakzio eta guzti, haserrealdiekin, barre algarekin, harridurarekin… Izan ere, soinu eta guzti grabatzen dute, eta bien artean izaten dituzten elkarrizketak euskaraz zein gazteleraz dira, Euskal Herritik kanpo dituzten jarraitzaileei begira. Azpitituluak ere jartzen dituzte noizean behin, azalpenak behar direnean adibidez, edo zerbait itzuli behar denean.
Gorostiraga eta Arrano
Azken bideoa Gorostiaga eta Arrano ingurura egindako irteerarena da. Honetan informazio ugari txertatu dute, «geroz eta gehiago lantzen ditugu bideoak, eta oraingoan, paraje haietan, Arrolan erori zen abioiaren berri ematen dugu, adibidez», zehaztu du Bravok.
Beraz, kultur kutsua hartzen ari dira azkenaldian Biziklisten bideoak, «baina puntu ganberroa alboratu gabe, gure ukitu pertsonala ezin dugu alboratu». Bideo landuagoak, «profesionalagoak» dira azkenak, hasierako abentura pertsonal haiek eta mendi bizikletarekin ibiltzeko ezagutzen dituzten tokiak jarraitzaileekin konpartitzea bilatzen dutelako orain.