Indarkeria matxista errefusatzeko seinaleak jarri dituzte Lazkaoko sarreretan
Udalak kokatu ditu, kolore moreko kartelak. Bereziki emakumeen aurkako indarkeria desagerraraztearen premia islatzeko dira, "kontzientziazio soziala eta herritarra sustatzeko".
Ostiralaz geroztik, Lazkaoko bi sarreratan indarkeria matxista salatzen duten eta halakorik herrian ez dela onartuko dioten kartelak daude. Lazkaoko Udalak kokatu ditu Senperen eta Zubierrekan, errepide ertzetan, kolore moreko seinaleak. Bi jarri dituzte, Azaroaren 25aren harira. Lazkaon ez dela eraso matxistarik onartzen islatu nahi du, esaldi horixe idatzita.
“Helburua indarkeria matxista mota guztiekin eta, bereziki, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko premiari buruzko kontzientziazio soziala eta herritarra sustatzea da”, azaldu du udalak, prentsa-ohar batean. Emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren bidean azken urteetan urratsak egin diren arren, oraindik “bide luzea” dagoela egiteko gehitu du, “berdintasun erreala, eraginkorra eta erabatekoa lortzeko”.
Hezkuntza eta informazio-lana beharrezkoa dela eta, indarkeria matxista desagerrarazten saiatzeko eta “gizartean berdintasunezko eredu bat ezartzeko” ekimenaren barruan erabaki dute kartelak jartzea.