Beasaingo Udalak 20 milioitik gorako aurrekontua izango du
Beasaingo Udal Gobernuak 20 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu proposamena eramango du osteguneko udalbatzara. 20.717.561 euroko proposamena da izango da, zehazki, iazkoa baino %12,7 gehiago. Leire Artola alkateak nabarmendu du «kudeaketa zuhurrari esker» izango dela posible eta 2023ko ekitaldia «zor propiorik gabe» ekingo dutela. Tasak eta zergak izoztu dituztela ere azpimarratu du. EAJk, udal gobernua osatzen duen alderdiak, gehiengoa duenez, proposamena aurrera aterako da.
Bost helburu estrategikotan oinarritu dute 2023 ekitaldirako aurrekontua, Beasaingo alkateak azaldu duenez: «Herritarren ongizatea; jarduera ekonomiko eta tokiko enplegua; herri nortasuna; jasangarritasuna; eta gobernu onaren kudeaketa eredua».
Ongizate arloari aipamena egin zion Artolak, ostiralean aurrekontu proposamenen zehetasunak zehazterakoan; %21eko igoera proposatuko dutela nabarmendu zuen, «behar gehien dutenak babestu eta inor atzean ez uzteko helburuarekin». Euskara ere ardatz izango dela esan zuen.
Hirigintzari dagokionez, San Inazio eta Esteban Lasa ardatza birgaitzeko lanak hasiko dituztela esan zuen. Udaberrian hasiko direla aurreratu zuen. Barrendaingo Plaza ere berrituko dute, Mugikortasun Plan berrira hobeto egokitu dadin.













