Tailerretan irabazita "azken hauteskundeetako joera" aldatu dela esan du sindikatuak, eta horrek "asko poztu" dituela.

Joan den ostegunean egin zituzten hauteskunde sindikalak CAFeko Beasaingo eta Irungo lantokietan. Beasaingo lantokian 11 delegatu lortu ditu LABek, bederatzi ELAk, hiru CCOOek eta bi ESKk. Irungo lantokian, berriz, zazpi delegatu eskuratu ditu LABek, lau ELAk eta bana UGTk eta ESKk.
ELA sindikatuak hauteskundeei buruzko irakurketa plazaratu du prentsa ohar bidez. Emaitzen ondoren, orain arte izan duten ordezkaritza (9 delegatu) mantenduko du ELAk Beasaingo lantokian beste lau urtez, baina datu bat nabarmendu nahi izan du: “Tailerretan ELA izan da bozkatuena, azken hauteskundeetako joera aldatuz, horrek asko poztu gaitu!”. Bost ordezkari lortu ditu ELAk tailerretan.
Beasaingo CAFen bi hautesleku izaten dituzte, behekoa tailerretako langileentzat eta goikoa bulegoetakoentzat. Goikoan LABek irabazi zuen zazpi delegaturekin, ELAk lau lortu ditu. “Argi dugu goiko kolegioan lanean segitu beharra dugula tinko, bereziki bertako parte hartzea handitzeko. Aurten igo dela egia da, baina oraindik urrun dago tailerretako parte hartze kopuruetatik”.
Hurrengo hauteskunde sindikalei begira erronka jarri dio ELAk bere buruari, bi hauteslekuetan irabaztea. “Horretarako ari gara lanean, eta tailerretan asmatu dugun bezala, ea hor ere asmatzen dugun gure lanarekin”, adierazi du sindikatuak.