Erik Galvez da Legazpiko EAJ-ren alkategaia
Legazpiko EAJk Erik Galvez hautatu du hurrengo urteko maiatzaren 28ko hauteskundeetan alkategaia izateko. Urriaren hasieran hasi eta abenduaren lehenean amaitutako barne-prozesuaren ondoren jakinarazi du alderdiak hautagaitza. 37 urteko legazpiarra da Galvez. Zuzenbidean graduatua da eta gobernantzaren berrikuntza graduondoan diplomaduna. 2015ean hasi zuen bere ibilbide politikoa. Azken urte hauetan zinegotzia izan da arlo ezberdinetan Legazpiko Udalean. Egun alkateordea, gobernu taldearen bozeramailea eta lurralde arloko arduraduna da. 2020tik Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJko bide-azpiegituren bozeramailea da, eta duela bi urtetatik, Legazpiko EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria. «Arduraz betetako ohoretzat» jo du alkategaitza, eta «ilusio handiz» hartuko du. «Politika konpontzeko eta aurrera egiteko tresna dela sinesten dut, ez aurrez aurre jartzeko», adierazi du ohar batean. «Entzuten, enpatizatzen eta besteen beharrak ulertzen ahaleginduko» dela gehitu du: «Emandako hitza, errespetua, gizabidetasuna, lan gogorra eta etengabea betetzea dira egunero gidatzen nauten balioak eta printzipioak».
«Aurrerapen handiak»
Bera ibilbide politikoa hasi zuenetik, azken 7 urteetan «aurrerapen handiak» egin dituztela esan du, eta «hobetzen jarraituko» dutela «herri aurreratu, justu, orekatu eta solidario baten alde». Herriaren etorkizunari begira, «baikor» agertu da Galvez, «azken batean, pertsonak zaintzen dituen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen dion herri dinamikoa» irudikatzen baitu. «Hori guztia bizilagunei entzuteko eta haiekin lankidetzan aritzeko lan baten bidez baino ez dugu lortuko».













