Arrakasta handiarekin itzuli da ziklo krosa Segurara

Olatz Odriozola eta Joseph Gerardo Ramirez nagusitu dira lasterketa nagusietan. Tropela, mardula; ikusleak, ugari. Antolakuntzak gustura amaitu du

Ziklo krosa Segurara indartsu itzuli da. Probarik izan gabe hamarkadak pasa dira, eta herritar talde batek berreskuratzeko ahalegina egin du. Lana gaur goizean eranaldu da, eta tropel mardula eta ikusle ugari elkartu dira. Herrian ia ez zegoen autoa aparkatzeko tokirik, eta txosna jatekorik gabe gelditu da. Antolakuntzak beroan egindako balorazioa ona izan da.

132 txirrindulari elkartu dira, zortzi mailatan eta lau lasterketetan banatuta. Olatz Odriozola eta Gerardo Ramirez nagusitu dira lasterketa nagusietan. Bizikleta.com taldekoak, biak.

Sailkapenak:

Kadete gizonezkoak    
1.- Arkaitz Suso Aranako Ford Garaje Moderno 30:55
Kadete emakumezkoak    
1.- Maier Olano Zu-K Limousin 36:56
Junior Gizonezkoak    
1.- Gari Ugarte Bellota 38:16
Irekia emakumezkoak    
1.- Olatz Odriozola Bizikleta.com 46:02
2.- Ixone Nuñez Zuia Txirrindulari Elkartea 49:03
3.- Lur Zufiria Zatika 49:06
Irekia gizonezkoak    
1.- Joseph Gerardo Ramirez Bizikleta.com 57:09
2.- Aitor Hernandez Ermuako Txirrindulari Elkartea 57:10
3.- Jokin Murgialdai Caja Rural – Seguros RGA 58:46
Gizonezkoak master 30    
1.- Andoni Etxebarri Aldapa Cycle Store 36:55
Gizonezkoak master 40    
1.- Gaizka Pujana Kobacycling Team 38:11
Gizonezkoak master 50/60    
1.- Xabier Mendiaraz Caravanas Erandio 40:40

 

Odriozola bakarrik helmugaratu da, nagusitasun handiarekin. “Zirkuitua oso gogorra zen eta lehen itzulia topera egin dut, aldeak markatzeko. Tartea zabaldu dudala ikusi dudanean indarrak neurtuz joan naiz”, aitortu du. Lau kilometroko itzuliari lau bira eman dizkio. Ixone Nuñez eta Lur Zufiria bigarren eta hirugarren sailkatuei hurrenez hurren, hiru minutu atera dizkie. Zatika taldeko Zufiria ormaiztegiarra izan da lehen goierritarra.

Ramirezek gehiago sufritu du garaipena lortzeko. Esprinean menderatu du Aitor Hernandez, atzetik etorrita. Erori egin da eta metro batzuk galdu ditu; Hernandez harrapatzeko estutu egin behar izan duela aitortu du, baina oraindik bazuen indarra azken metroetan. Esprint gogorra izan da, gainera, helmuga aldapa gora zegoelako. “Helmuga marra pasatakoan ikusi dut irabazi nezakeela. Lasterketa gogorra izan da. Teknikoa baino gehiago, fisikoa”. Jokin Murgialdaik egin du hirugarren eta Mikel Mujika legazpiarra izan da lehen goirritarra, laugarren.

“Ea irauten duen”

Biei asko gustatu zaie zirkuitua. Are, antolakuntzakoek aipatu dute txirrindulari gehienek, nahiz eta gogorra izan dela aitortu, gustatu zaiela eta asmatu dutela esan dietela aipatu dute: Baratze pilotalekutik abiatu, Madurako, Kanpatorratzeko eta Zerain Portaleko belardietan aurrera eta atzera ibili eta Kale Nagusitik gora plazara egiten zuen itzuli bakoitzak. “Pozgarria da geroz eta lasterketa gehiago egotea, bereziki, Gipuzkoan. Hasi nintzenean proba gehiago zeuden baina galtzen joan dira. Jakin nuenean Seguran beste proba bat antolatu zutela, poztu egin nintzen. Ea irauten duen”, eskatu du Odriozolak.

 

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa