Irati Goikoetxearekin solasaldia egingo dute Seguran
Literatur tertulian irakurri duten 'Herriak ez du barkatuko' liburuaz hitz egingo du. Segurako 50. literatur tertulia izango da biharkoa.
Segurako Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri euskara elkarteak gonbidatuta, Irati Goikoetxea Beasaingo idazlea biharko literatur tertulian izango da, Herriak ez du barkatuko liburuaz irakurleekin hitz egiteko. Solasaldia 19:00etan izango da, liburutegian.
Biharkoa herrian egingo den 50. literatur tertulia izango da. Lehenengo tertulia 2008ko abenduaren 30ean egin zuten, Garazi Goia segurarraren Bi hitz liburuarekin. Idazle hori izan da solasaldi hauetan errepikatu duen bakarra, idatzi dituen hiru liburuei buruz hitz egiteko gonbidatu dutelako tertuliakideek. Bestela, makina bat idazle pasa da saio horietatik, irakurtzeko liburuak aukeratzean, tertulian egileak berak parte hartzea delako baldintza.













