Joxe Mari Auzmendiren omenezko liburua aurkeztuko dute Legazpin
Asteazkenean izango da aurkezpena, Lekanazpi elkartean, 18:00etan. 'Euskal pedagogoa lokatzetan' izenburupean, Joxemari Auzmendi pedagogoa, herrigile eta euskaltzalea A-tik Z-ra definitzen saiatu dira.
Hik Hasi egitasmo pedagogikoak Joxe Mari Auzmendi legazpiarra gogoratuz argitaratu duen Euskal pedagogoa lokatzetan liburua Legazpin aurkeztuko dute asteazkenean, hilak 14. Aurkezpena Lekanazpi elkartean izango da, 18:00etan. Aurretik Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean, Hernanin eta Durangoko Azokan aurkeztu dute liburua, eta orain, “Joxe Mariren herrian” egingo dute.
Izan ere, Joxe Mari Auzmendi Nafarroan jaioa bazen ere (Azkarate, 1954), hiru urte zituela etorri zen Legazpira eta bertan abiatu zuen hezkuntzaren eta pedagogiaren munduan egindako ibilbidea. Haztegi ikastolan jardun zuen irakasle lanetan, gero Hik Hasi egitasmo pedagogikoaren sorreran partu hartu zuen, eta 1995ean kaleratzen hasi ziren Hik Hasi aldizkariko koordinatzaile lana hartu zuen. Hernanin bizi zen, eta jubilatzeko puntuan zegoen hil zenean, 2020ko otsailean.
Hik Hasik eskaini dion liburua «Joxemari Auzmendi pedagogoa, herrigile eta euskaltzalea A-tik Z-ra definitzeko ahalegina» da, haren lana eta bizitza, «baina batik bat bere balioak» jasotzen dituena. Legazpiarra hainbat alorretan «eredu eta akuilu» izan zela diote argitalpenaren bultzatzaileek.
Lekanazpiko aurkezpenean Hik Hasiko lankideak, liburuko zenbait parte hartzaile eta Auzmendi hurbiletik ezagutu zutenak izango dira.













