Legazpiko erakusleihoak prest daude Gabonetako lehiaketarako
Gaur hasi da erakustaldia, eta herritarren saria aukeratzeko bozka emateko epea ere bai. Beste hiru sari ere banatuko dira.
Legazpiko 22 dendak eta zerbitzuk prest dituzte erakusleihoak udalak Ilintiren laguntzarekin antolatutako Gabonetako lehiaketarako. Erakustaldia gaur hasten da, eta urtarrilaren 6ra arte luzatuko da, baina irabazleen izenak hilaren 21ean emango dituzte jakitera.
Lehiaketa honetan lau sari banatuko dituzte: lehenak 600 euro jasoko ditu, bigarrenak 400 euro, hirugarrenak 300 euro eta herritarren saria irabazten duenak 500; guztiek plaka bat ere jasoko dute. Erakusleiho apainketan eta merkataritzarako aholkularitzan adituak diren Arantxi Eizagirrek eta Amalur Angiozarrek osatuko dute epaimahaia, eta horiek erabakiko dituzte lehen hiru sariak.
Herritarren saria legazpiarrek emango dute, bozketa bidez aukeratuta. Bozketa hilaren 19ra arte egin daiteke www.legazpi.eus webgunean, edo Apatxo eta Hizkuntza liburu dendetan jarritako kutxatiletan. Bozketan parte hartzen dutenen artean, 100 euroko erosketa txartela zozkatuko du udalak.
Hauek dira parte hartzen ari diren dendak eta zerbitzuak: Apatxo, Aranzazu optika, Attiko, Betieder, Eder Lentzeria, Gizarte Zentroko taberna, Laubide belar denda, Itziar belar denda, Kaleko estankoa, Laga Tindategia, Maittia, Nuñez mertzeria, Mimaru lora denda, Miriam Zaldua podologia, Obena harategia, Okela harategia, Oskarbi optika, Oleta okindegia, bi Sustrai fruta dendak, Xaloa estetika eta Zuzen Zerbitzu Grafikoak. Guztiek kartel bat jarrita dute erakusleihoetan, lehiaketan parte hartzen ari direla adierazteko.















