Izarra Urdalleta izango da berriz ere Segurako EH Bilduren alkategaia
Gaur egungo Segurako alkatearen hautagaitza aho batez onartu dute koalizioaren oinarriek.
Gaur egungo alkate Izarra Urdalleta izango da EH Bilduren zerrendaburua 2023ko udal hauteskundeetan. Koalizioaren oinarriek aho batez onartu dute haren hautagaitza. “Lau urteotako balantze positiboa” izan dute oinarri Urdalletari berriro alkatetzara aurkezteko eskaera gauzatzeko. Abenduan zehar egin dute bozketa.
EH Bilduk azaldu duenez, “pandemia nahiz bestelako zailtasunak” izan dira oraindik indarrean den agintaldian, baina “Urdalletak berak eta udal gobernuko taldeak, bere osotasunean, profesionaltasun eta gaitasun handia” erakutsi dute. “EH Bilduk urteak daramatza herri honetan politika beste modu batera egin daitekeela erakusten, eta etorkizuneko erronka berriei heltzeko ere, bide horretan jarraitzeko konpromiso argia du”.
Bide hori gauzatzeko, Izarra Urdalleta “hautagai ezin hobea” dela deritzo koalizioak. Datozen asteotan taldea osatzeari ekingo dio koalizioak, eta, era berean, martxan jarriko dituzte hurrengo agintaldirako herri programa zehazteko bitartekoak, balantzeak eta diagnostikoak oinarri hartuta.