Doinua Musika Eskolako ikasleen bandak kontzertua eskaini du Latxartegi Aretoan
Doinua Musika Eskolako ikasleek osatutako bandak kontzertua eskaini du gaur goizean Latxartegi Aretoan. Eurodisneyra doaz aurki eta bertan emango duten kontzertua aurkeztu diete herritarrei. Aretoa lepo bete dute.
Eurodisneyra doaz Legazpiko Doinua Musika Eskolako ikasleek osatutako bandako kideak. Bertan, Disneyko abesti famatu zein ez horren famatuak joko dituzte eta gaurkoan, estreinakoz, legazpiarrei aurkeztu diete bertan emango duten kontzertuaren errepertorioa.
Gaur goizeko 12:30etan hasi da kontzertua, Latxartegi Aretoan. Sartu aurretik sekulako ilara zegoen kanpoan, kontzertua ikusteko zain zeudenekin; eta behin barrura sartuta, aretoa lepo bete dute, beheko zein goiko solairuak bete gainera. Behin ikusle guztiak eserita hasi da kontzertua, The Mandalorian abestiarekin Robert Longfieldena, Leire Narvaizaren zuzendaritzapean. Zuzendaria une oro ikusleekin atsegina eta alaia izan da eta gaurkoan berak hartu du aurkezle papera ere. Hala, zenbait abesti oso ezagun jo dituzte, adibidez, Johnnie Vinsonen Let it go, Robert Longfielden Star Wars: the last jedi, edota Michel Brownen Highlights from the Jungle Book.