Bonu kanpainak 144.000 euroko diru sarrerak eragin ditu establezimenduetan
Egun eta erdian bukatu ziren 50 euroko 1.500 bonu jarri zituzten salgai. 74 establezimendutan erabili dituzte erosleek. Bonu bakoitzarekin batez beste 96 euroko gastua egin da
Azkeneko bonu kanpainak 144.000 euroko diru sarrerak eragin ditu Ordiziako establezimenduetan. Ordiziako Udalak iazko urte amaieran jarri zuen martxan bonu kanpaina, bertako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko asmoz. 30 euro ordainduz, 50 euroko gastua egiteko aukera eskaini zituzten bonuek. Azaroan aurkeztu zuten kanpaina, eta orduan aurreikusi zuten diru-sarrera 75.000 eurokoa izan bazen ere, zifra ia bikoitza izan da.
Zehazki, 144.298,76 euroko diru sarrera eragin du. 50 euroko 1.500 bono jarri zituzten salgai azaroaren 7an, eta egun eta erdian amaitu ziren guztiak. Urte zahar egunera arte, abenduaren 31ra arte erabili ahal izan zituzten erosle eta kontsumitzaileek. Bonuen deialdira 74 establezimendu atxikitu ziren, eta saltoki guztietan trukatu zen bonoren bat. 50 euroko bono bakoitzarekin egindako batez besteko gastua 96,20 eurokoa izan da.
Gehien bat jantzi denden sektorean erabili dira, eta ondoren ileapaindegi-estetika sektorean eta ostalaritzan. Bonuak erosi dituzten bezeroen ia %58 emakumeak dira, eta %42 gizonak. Adinari dagokionez, 50 eta 70 urte arteko bezeroek erosi zituzten bonu gehien. Atzo aurkeztu zituzten kanpainaren emaitzak Ordiziako plaza nagusian.
Balorazio positiboa
Maitane Alvarez Ordiziako alkateordearen esanetan, «izugarrizko harrera ona» izan du bonu kanpainak urte amaieran. «Ez genuen espero horren azkar salduko zirenik, baina jendea zain zegoen eta segituan agortu ziren. Eguberrietako erosketak egiteko oso baliagarriak izan dira askorentzat». Ebaluazioetan ekarpen eta proposamen berriak jaso dituzte, etorkizuneko kanpainetan hobetu ahal izateko kontuan hartzekoak. Ordizian merkatari elkartetik gehitu dute iazko bonu kanpaina guztien balorazioa «oso positiboa» dela, eta merkatariak eta herritarrak gustura agertu direla.
Gehienak, ordiziarrak
Ia bonu gehienak, ordiziarrek erosi zituzten, %87,5a. Beste herrietako bezeroen artean, aldiz, beasaindarrak, zaldibiarrak, itsasondoarrak eta lazkaotarrak izan dira bonuak gehien erabili dituztenak, hurrenez hurren.













